Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Gipuzkoa

Inaxi Etxabek jantziko dio txapela larunbateko finaleko irabazleari

2015/12/15
Harriduraz, baina poz handiz hartu zuen Inaxi Etxabek Gipuzkoako txapeldunari txapela janzteko proposamena. Bertsolari zumaiarra gustura joango da Ilunbera larunbatean, finalistak nortzuk diren ongi aski daki, gaur egun bertsolaritza gerturik segitzen baitu. Plaza ukatu zaien bertsolari emakumeen belaunaldi oso baten ordezkari gisa jantziko dio Inaxi Etxabek txapela larunbateko finala irabazten duen bertsolariari.

Ez zuen inondik espero halako proposamenik jasoko zuenik, baina lehen sorpresa pasatuta gustu handiz hartu du Inaxi Etxabek Gipuzkoako txapeldunari txapela janztearen ohorea. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa hedabideetatik segitu du orain arte, eta horregatik Ilunben kantatuko duen zortzikoa ezagutzen du. Izan ere, gaur egun gehienbat telebista eta irratiaren bitartez segitzen ditu bertsolaritzaren gorabeherak. Horrez gain, lehen bezainbeste ez bada ere, ez dio bertsoak egiteari utzi Inaxi Etxabek.

Era berean, sari ematearen kontua isilpean pasako zela uste zuen, "inor ez zela enteratuko". Ez da hala izan eta azken egunotan asko dira Zarautzen horren kontura hurbilduko zaizkionak. Hedabideetan ere elkarrizketaren bat edo beste eskaintzea tokatu zaio, baina ez da lehen aldia izan. Esate baterako 2013 elkarrizketa hau eskaini zion Bertsoari.

Inaxi Etxabe txapelarekin

Plazarik gabeko bertsolaria

1933an Oikian (Zumaia) jaioa, gaur egun Zarautzen bizi da Inaxi Etxabe.

Etxe giroan sortu zitzaion bertsozaletasuna, eta gazte-gaztetatik hasi zen bertsoak egiten. 50eko hamarkadan sari batzuk irabazi zituen. Hala ere, garaiko bertsolari emakumeen moduan, bertso jarduera ezin izan zuen plazetara eraman, gizonezkoen eremua baitzen. Urte asko pasako ziren Etxabe plazan kantatzeko aukera izan arte.

Ezaguna da Inaxi Etxabek Basarrirekin izan zuen ika-mika. Basarrik “Aitonaren malkoek” izeneko bertsoak idatzi zituen, eta Etxaberi emakumeen inguruan esaten zituenak ez zitzaizkion batere gustatu. Hari erantzunez, bertso batzuk egin zizkion Basarriri.

Plaza ukatu zaien bertsolari emakumeen belaunaldi oso baten ordezkari gisa, 2015eko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako irabazleari txapela jarriko dio Inaxi Etxabek. 

 

Inaxi Etxabe, Zarautzen txapelarekin.