Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Gipuzkoa

Igandean jokatuko da Tolosan bigarren finalaurrekoa

2015/11/25
Finalaurrekoetako bigarren saioa jokatuko da igandean Tolosako Usabal kiroldegian. Beñat Gaztelumendi, Beñat Lizaso, Iñaki Apalategi, Nerea Elustondo, Oihana Iguaran eta Unai Agirre dira bertan kantatuko duten bertsolariak. 17:30ean hasiko da saioa eta irabazlea zuzenean sailkatuko da abenduaren 19ko finalera. Ohi bezala, sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean.

Beñat Gaztelumendi, Beñat Lizaso, Iñaki Apalategi, Nerea Elustondo, Oihana Iguaran eta Unai Agirre dira igandean Tolosako oholtzara igoko diren bertsolariak. Usabal kiroldegian jokatuko den saioa 17:30ean hasiko da eta Iker Iriartek aurkeztuko du.

Bigarren finalaurrekoa da Tolosakoa eta bertan irabazten duena zuzenean sailkatuko da abenduaren 19an Donostiako Ilunben jokatuko den finalera. Oraingoz, Alaia Martin da finaleko txartela duen  bertsolari bakarra, Zarauzko finalaurrekoan irabazi ondoren.

Finalaurreketako fasean honako lana egin beharko dute bertsolariek:

  • Binaka, gaia emanda, hamarreko handian, hiruna bertso.
  • Bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian hiruna bertso.
  • Binaka, gaia emanda, 6 puntuko motzean hiruna bertso
  • Binaka, gaia emanda, zortziko txikian, hiruna bertso.
  • Kartzela: bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

Saio honetarako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean. Gaztetxoen sarrera 6 euroan da, Bertsozale Elkarteko bazkideena 10ean eta gainerakoena 13 euroan. Saioko egunean sarrerak aretoko leihatilan jarriko dira salgai, 16:00etatik aurrera.

Tolosako finalaurrekoaren ondoren, abenduaren 6an jokatuko da azken finalaurrekoa, Eibarren. Hortik aterako da aterako da abenduaren 19ko finalean kantatuko duen zortzikoa.

Igandean kantatuko duten sei bertsolariak.