Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Gipuzkoa

Azken final laurdena jokatuko da igandean Eskoriatzan

2015/11/04
Bosgarren eta azken final laurdena jokatuko da igandean Eskoriatzan. Manuel Muñoz kiroldegian izango da saioa, arratsaldeko 17:30ean hasita, eta horren ostean jakingo da zeintzuk diren finalaurrekoetarako sailkatuko diren 18 bertsolariak. Beñat Lizaso, Manu Goiogana, Mikel Artola, Oihana Iguaran, Unai Agirre eta Unai Mendizabal izango dira oholtzara igoko diren bertsolariak. Ohi bezala, sarrerak www.bertsozale.eus webgunean daude salgai.

Beñat Lizaso, Manu Goiogana, Mikel Artola, Oihana Iguaran, Unai Agirre eta Unai Mendizabal izango dira Eskoriatzako Manuel Muñoz kiroldegian. Iban Narbaizak aurkeztuko du igandeko saioa.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken final laurdeneko saioa izango da Eskoriatzan jokatuko dena eta bertan irabazten duen bertsolariak azaroaren 29an Tolosan jokatuko den finalaurrekorako zuzeneko sailkatzea lortuko du.

Behin Eskoriatzako saioa jokatuta, ezagutuko da zeintzuk izango diren finalaurrekoetara sailkatuko diren 18 bertsolariak. Final laurdenetako saioen irabazleez gain, puntuazioaren araberako lehenengo 13 bertsolari sailkatuko dira.

Fase honetako gainerako saioetan bezala honako lana egin beharko dute bertsolariek:

  • Binaka, gaia emanda, zortziko handian hiruna bertso.
  • Binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso.
  • Binaka, gaia emanda, 6 puntuko motzean hiruna bertso.
  • Binaka, rola emanda, hamarreko txikian, hiruna bertso.
  • Kartzela: bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

Saiorako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean. Gaztetxoen sarrera 4 euroan da, Bertsozale Elkarteko bazkideena 8 euroan eta gainerakoena 11 euroan.  Egun berean sarrerak aretoetako leihatilan 16:00etatik aurrera jarriko dira salgai.

Igandeko saioari begira herrian aparkatu ahal izateko aparkaleku bereziak prestatu ditu Eskoriatzako udalak.

 

 

 

Eskoriatzako saioan kantatuko duten bertsolariak.