Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Gipuzkoa

Zarautzen jokatuko da igandean lehenengo finalaurrekoa

2015/11/19
Finalaurrekoetako fasea hasiko da igandean Zarautzen. Agin Laburu, Alaia Martin, Ander Lizarralde, Beñat Iguaran, Jon Martin eta Unai Gaztelumendi izango dira Aritzbatalde kiroldegiko oholtzara igoko diren sei bertsolariak. 17:30etan hasiko da saioa eta lehen sailkatua zuzenean sailkatuko da abenduaren 19an Ilunben jokatuko den finalerako. Ohi bezala, sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean.

Agin Laburu, Alaia Martin, Ander Lizarralde, Beñat Iguaran, Jon Martin eta Unai Gaztelumendi dira lehenengo finalaurrekoan kantatuko duten bertsolariak. Saroi Jauregik aurkeztuko du Aritzbatalde kiroldegian 17:30an hasiko den saioa. Zarauzko finalaurrekoan irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da abenduaren 19an Donostiako Ilunben jokatuko den finalera.

Finalaurreketako fasean honako lana egin beharko dute bertsolariek:

  • Binaka, gaia emanda, hamarreko handian, hiruna bertso.
  • Bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian hiruna bertso.
  • Binaka, gaia emanda, 6 puntuko motzean hiruna bertso
  • Binaka, gaia emanda, zortziko txikian, hiruna bertso.
  • Kartzela: bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

Saio honetako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean. Gaztetxoen sarrera 6 euroan da, Bertsozale Elkarteko bazkideena 10ean eta gainerakoena 13 euroan. Saioko egunean sarrerak aretoko leihatilan jarriko dira salgai,16:00etatik aurrera.

Zarauzko saioaren ondoren, hurrengo bi igandeetan joikatuko dira beste bi finalaurrekoak, azaroaren 29an Tolosan eta abenduaren 6an, Eibarren. Fase horretatik aterako da abenduaren 19ko finalean kantatuko duen zortzikoa.

 

 

Zarautzen kantatuko duten bertsolariak.