Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Sustrai Colinak jantzi du berriro xapela

2016/11/12
1.600 lagun baino gehiago bildu dira gaur Baionako Laugan Xilabako finala jarraitzeko; hurbiltzeko aukerarik izan ez dutenek telebistaz, irratiz zein Internetez ikusi eta entzuteko aukera izan dute.

Duela bi urte egin bezala, Sustrai Colinak jantzi du Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsulari Xapelketako xapela, buruz burukoan Amets Arzallusekin aritu ondoren. Segidan geratu dira sailkapenean Maddalen Arzallus, Odei Barroso, Miren Artetxe eta Xumai Murua.

Arratsaldeko bostak pasatxo igo dira oholtzara Xilabako finalera iritsitako sei finalistak: Odei Barroso, Miren Artetxe, Sustrai Colina, Amets Arzallus, Maddalen Arzallus eta Xumai Murua bertsolariak igo dira hurrenez hurren, zozketak agindutako ordenean. Joana Itzaina gai-jartzaile eta Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakariak aurkeztu dizkie gaiak, Iban Falxak saioaren hasieran ikusentzuleei harrera egin eta gero.

Zortziko handian eta txikian aritu dira lehendabizi binaka, ofiziotan; puntu-erantzunetan jardun dira gero eta 10eko txikian binaka ondoren; azkenik, bakarka aritu dira gai bera emanda, neurri eta doinu librean: “lehen aldikotz bakantzeetara bakarrik joan zara; lehen eguna bukatzen ari da”. Horietatik buruz burukorako sailkatu dira azken bi Xilabako txapeldunak, eta bi ofizio eta bakarkakoaren ondotik, Sustrai Colinak jantzi du xapela.

Mattin bertsulariari omen

Panpili Trekuk eman dio makila eta jantzi dio xapela Colinari, hain zuzen, aurtengo Xilabak omendu duen Mattin Ahetzeko bertsulariaren semeak. Aurtengo urriaren 11n bete da bertsulariaren jaiotzaren mendeurrena. Sari ematen aritu dira Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakaria, Bertsularien Lagunak Elkartearen izenean Beñat Soule, Bernat Etxapare lizeoko Irati Alcantarilla bertsu eskolen izenean, Otelore elkarteko Arantxa Irigoien Xilaban bidelagun izan diren elkarte guztien izenean eta Mixel Xalbador bertsularia. Kantaera politenari, doinutegi aberatsenari eta edukia eta doinua hobekien lotu dituenari ere eman zaio saria, Bertsularien Lagunak Elkarteko zuzendaritzakide izan zen Aitor Renteriaren omenez; Odei Barrosorentzat izan da saria.

Epaile lanetan aritu dira Eneko Bidegain, Joakin Arregi, Beñat Soule, Erik Etxart, Lierni Elorza, Iban Thicoipe, Abel Zabala eta Zuhaitz Olazabal. Halaber, gaiak prestatzen eta saioak aurkezten aritu dira Amaiur Lujanbio, Iban Falxa, Ihintza Ostolaza, Joana Itzaina, Karlos Aizpurua, Amaia Kastorene, Maiana Irigoien, Pantxika Solorzano, Bixente Hirigarai, Pettan Prebende eta Xan Alkhat. Saioaren hasieran Mattin bertsulariaren bertsu bat gogoan hartuz (“…Xahar batentzat hamabortz gazte heldu direla ondotik!”), Xilaba 2016n parte hartutako bertsulariak ere goraipatu dira: Aitor Servier, Amets Arzallus, Battitt Crouspeyre, Egoitz Zelaia, Eneritz Zabaleta, Kerman Diaz, Maddalen Arzallus, Maddi Sarasua, Miren Artetxe, Nahia Sasco, Odei Barroso, Ortzi Idoate, Ramuntxo Christy, Sustrai Colina eta Xumai Murua.

Baionako Bernat Etxepare lizeoaren aldeko ostatua izan da Laugan eta 22:00etatik aurrera, Baionako Zizpa gaztetxean gauari jarraipena emateko parada izanen da.

1.620 lagun bildu dira Baionako Lauga aretoan; gainera, bertaratu ez direnek, telebistaz, irratiz zein Internetez finala jarraitzeko aukera izan dute ETB4k, Euskal Irratiek, Info7k eta Bertsoak zuzenean eskaini baitute. Euskadi Irratiak ere jarraipena egin dio gaurko finalari eta ETB1ek buruz burukotik aurrerakoak eskainiko ditu 21:00etatik aurrera. Bihar, Hitzetik Hortzerak, gaur gertatutakoak laburtuko ditu 15:00etan hasita eta astelehenean Bertsoak hautaketa zabala eskainiko du.

Xilabako antolatzaileok eskerrak ematen dizkiegu Baionako Herriko Etxeari,  Euskal Kultur Erakundeari, Hego Lapurdiko Hiriguneari eta oro har, gure babesle eta laguntzaile guztiei sostengu hori ezinbestekoa zaigulako; era berean, baita antolakuntzan, mezua hedatzen zein saioak jarraitzen aritu diren bertsozaleei ere. Eskerrik asko.

Txapeldunaren azken agurra:

Doinua: Martxa baten lehen notak

Hain justu Trumpek jo duenean
mailuarekin iltzea
Marien Lepenek amestu ote
du Frantzia zuritzea?
Hiztegitatik kendu ote du
Rajoyk erabakitzea?
Normala ote da poliziak
senegaldar bat hiltzea?
Neri tokatu zait muga ertzean
sortu eta handitzea,
ta ikasi dut igurtzi ezkero
deusezten dela klitxea.
Gure herri honek badaki zer den
mututuei aditzea
ta harresiak atxeman arren
zubigintzan aritzea.

Sustrai Colina eta Panpili Treku