Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Erniarraitz 1 eta Karidadeko Benta aurrez aurre, larunbatean Alegian

2017/05/02
Gipuzkoako Herriarteko lehen finalaurrekoa izango da larunbatean, Alegiako frontoian, 17:30ean hasita. Bertan erabakiko da Azpeitian maiatzaren 27an izango den lehen taldea zein izango den.

Erniarraitz 1 (Azpeitia) eta Karidadeko Benta (Asteasu eta Zizurkil) izango dira aurrez aurre larunbatean, Alegiako frontoian. Saioa 17:30ean hasiko da. Erniarraitz 1 taldeko kideak dira Leire Ostolaza, Beñat Lizaso eta Jokin Uranga bertsolariak. Haritz Mujika, Joseba Otaegi eta Unai Mendizabal , berriz, Karidadeko Bentako bertsolariak dira.

Gai jartzaile lanetan ariko dira Gurutze Oiartzabal (Erniarraitz 1) eta  Igotz Alkorta (Karidadeko Benta). Saioa bost epailek baloratuko dute: Oihana Aranguren (Erniarraitz 1) eta  Jon Ormazabal (Karidadeko Benta) taldeetako kideak eta Herriarteko lehiatik kanpo geratu diren taldeetako beste hiru epaile.

Gipuzkoako Bertsozale Elkartearekin batera, Oihana Labiano (Erniarraitz 1) eta Mikel Maiz (Karidadeko Benta) ari dira saioaren prestaketa lanak koordinatzen. Egunean bertan ere, koordinazio lanetan arituko dira.

Ondorengo ariketak egin beharko dituzte bertsolariek finalaurrekoetan:

  • Hasierako agurra puntuagarria (gehienez 5 minutukoa).
  • Ofizioa 8ko handian, 3na bertso.
  • Ofizioa 8ko txikian, 3na bertso.
  • 10eko txikian rolak emanda, 3na bertso.
  • Bakarka, gaia emanda, 3 bertso.
  • Habaneran 8 oinak emanda eta bederatziko txikian 9 oinak emanda.
  • 3 puntu erantzun.
  • Pertsonaien jolasa galde-erantzunetan. Batek galdetu eta bik pistak eman.
  • Kartzela, koplatan egoera proposatuta, 12 kopla osatu arte.

Larunbaterako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude salgai. Baita Alegiako Hilario tabernan ere.

Herriartekoaren azken txanpa

Otsailaren 3an hasi zen Gipuzkoako Herriartekoa. Guztira 38 taldek hartu dute parte lehen fasean, eta sei astez 38 saio egin ondoren 12 talde pasa ziren bigarren fasera. Bigarren fasetik lau talde geratu dira. Lehen finalaurrekoan Erniarraitz 1 eta Karidadeko Benta arituko dira. Bergarako pilotalekuan egingo da bigarren finalaurrekoa eta, Osinalde (Gabiria) eta Am…ona (Amasa-Villabona) taldeak izango dira aurrez aurre.

Finalaurreko saio bakoitzeko garaileak izango dira Azpeitian, maiatzaren 27an egingo den finalean abestuko dutenak. Saio guztietarako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.