Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Donibane Lohizunen abiatutako XILABA, datorren larunbatean Muskildira helduko da

2016/09/27
Irailaren 24an Donibane Lohizunen abiatu zen Xilaba Bertsulari Xapelketa, datorren larunbatean urriaren 1ean iritsiko da Muskildira. Bertan jokatuko den bigarren kanporaketan Aitor Servier, Battitt Crouspeyre, Eneritz Zabaleta, Maddi Sarasua, Ortzi Idoate, eta Xumai Murua bertsulariak neurtuko dira. Xan Alkhat arituko da gai-emaile Muskildiko Posonpesenea gelan. Saioa 17:00etan hasiko da. Sarrerak bertan izanen dituzue salgai.

Larunbatean jokatuko da Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko bertsulari xapelketaren bosgarren edizioko bigarren kanporaketa. Muskildiko herriak hartuko du Xilaba.

Bertsulariak:

Aitor Servier

Azkaindarra da eta 19 urte ditu. Donibane-Lohizuneko ikastolako bertsu-eskolan hasi zen 9 urterekin. Hendaiako eta Etxepareko bertsu-eskoletatik igaro ondotik, gaur egun Larraldeako bertsu-eskolan dabil. Eskolarteko xapelketan eta gazte sariketetan hainbat aldiz parte-hartu eta sari batzuk jaso ditu. Bigarren aldiz hartuko du parte Xilaba xapelketan.

Battitt Crouspeyre

1989ko Martxoaren 21an sortua. Baigorriarra. Bertsu munduan sartua 21 urtetan, Itsasuko bertsu eskolaren bidez. Lehen plaza ondoko urtean Itsasuko ihauterietan. Hirugarren aldiz hartuko du parte Xilaba xapelketan.

Eneritz Zabaleta

Unibertsitateko irakaslea da. 11 urte zituela hasi zen bertsuzaletzen, eta geroztik, eskolarteko hainbat xapelketatan eta sariketatan parte hartu du. Lehen aldiz parte hartu zuen iragan Bertsolari Txapelketa Nagusian. Bosgarren aldiz parte hartuko du Xilaban.

Maddi Sarasua 

Ikaslea da. 11 urterekin hasi zen bertsu-eskolan, Uztaritzeko ikastolan. Baiona lizeoko bertsu-eskolan ibili zen, gaur egun Gazteizen da ikasketak egiten. 2012ko Xilaba xapelketan laugarren egin zuen, eta ondoren Txapelketa Nagusian lehen aldiz parte hartu zuen. Hau bere hirugarren XILABA xapelketa da.

Ortzi Idoate

1977ko urtarrilaren 3an sortua Baionan. Sasi bertsularia Txatok bertsu-eskola muntatu behar zutela erran zuen arte. Ordutik Aitor Sarasuaren erakaspen baliagarriei esker bere burua bertsularitzat izan eta Nafarroa eta Iparraldeko xapelketan parte hartzea erabaki zuen. Zainen aldetik gaizki pasa zuela eta, taula bertsularitza utzi eta sasi bertsularitzara itzultzea erabaki zuen. Urte anitz pasa ziren berriz ere astero Larraldean biltzen hasi zen arte eta hortik XILABAn bere burua aurkeztea erabaki zuen, berriz ere taula bertsulari bilakatuz. Aurten bere hirugarren XILABA izanen du.

Xumai Murua

Jaiotze data:1985/01/17 Sorlekua: BAIONA (Lapurdi) Ofizioa:Gorputz Heziketako erakasle Bizilekua:AZKAINE (Lapurdi) Bertsuzaletasuna etxean jasoa, bertsu-eskoletan ibilia, geroztik plazaz plaza ari. Aurten bostgarren aldiz parte hartuko du Xilaban.

Gai-emailea Xan Alkhat izanen da.

Egin beharreko lanak:

11na bertsu puntuagarri

  • Agurrak.
  • 8ko handian ofiziotan binaka, hiruna bertsu.
  • 8ko ttikian ofiziotan binaka, hiruna bertsu.
  • 2 punturi erantzun, eta hitz bat emanda bertsu bat (gehienez 5 puntukoa).
  • Kobla handian binaka, 4na kobla bakoitzak, bina bertsu osatu arte.
  • Agurra.

 

Sarrerak:

Saioa Müskildiko Posonpesenea gelan izanen da arratsaldeko 17:00etan hasita. 

Kanporaketa eta finalaurrekoetako sarrerak leihatilan eskuratu ahal izango dira egunean bertan.

Finaleko sarrerak eskuragarri egonen dira www.bertsosarrerak.eu atarian zein Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko hainbat puntutan.

Xapelketari buruzko informazio osoa www.bertsozale.eus/xilaba eta www.bertsoa.eus atarietan jarraitu ahal izango da.