Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Aiziritzen emazteak kantuan

2016/10/24
Lehen agurrean izan zituen Miren Artetxek Aña Debrua eta Marie Hargain bertsulariak aipagai besteak beste, emazteen indarra saiorako lagun izanen zuela erranez. Hain zuzen ere, harekin batean, beste hiru emazte ziren kantari Aiziritzen, Maddalen Arzallus, Nahia Sasco eta Maddi Sarasua. Oholtza gainean kantulagun izan zituzten Egoitz Zelaia, eta Sustrai Colinaren orde kantatu zuen Amets Arzallusek, lehena aita izan berri zelako goiz hartan.

Bertsulariek finalaurrekoetako lehen itzulian baino ariketa klasikoagoak dituzte bigarren itzuli huntan. 8ko haundian, Maddalen eta Miren eskoletako eraso terroristen kontrako segurtasun planetaz kantuan arizan ziren, zihurtasuna erosiz askatasuna saltzen zela azpimarratzen zutela. 8ko ttipian Nahia eta Maddi, interneten gezurrezko argazkiak ezarrita etxea alokatzen zuen jabe eta egoiliarraren errolan eman ziren, 5 pertsonentzat logela bakarra izanki, haurrek elgar bizitza ere ikasiko zutela ohartarazten zutela. 10 eko ttipian, Maddalen eta Egoitz Amikuzeko bi hautetsi ziren, eta Helep etorri aintzin beren elkargoko dirua xahutu ala ez, eztabaidan arizan ziren. Gero jasotzeko lehenik eman behar dela kantatu zuen batek, besteak dena hiriburuetara ez ote den joanen zuela beldurra. Kartzelan entzun ziren saioko bertsoaldirik pollitenak, puntu erantzunetan ikastolako lehen nota txarra gogorarazia zitzaienean adibidez. Ondotik, eguna bukatu eta kanapean etzanik beren momentua goxatzen ari zirela jarri ziren kantari, banan bana. Ametsek orduan, saio gora beheratsua osatu zuen bertsulari baten ahotik kantatu zuen, lehenago izan zuen gai bati erreferentzia eginez, telebistarik gabe bizi nahian, bere hautu erradikalak momento hortan madarikatzen zituela.

Aiziritzen_Arzallus, Sasco, Sarasua, Artetxe

Azken agurrak entzun eta, Pettan Prebende gai emaileak eman zuen epaileen erabakiaren berri, huna zoin izan zen:

1. Amets Arzallus, 421.50

2. Maddalen Arzallus, 396.50

3. Miren Artetxe, 376.50

4. Nahia Sasco, 372.00

5. Maddi Sarasua, 367.50

6. Egoitz Zelaia, 363.00

Ondoko hitzordua emanez bukatu zen saio, Larresoron urriaren 29an arratsaldeko 5 etan jokatuko den saioa gogoratuz. Zabalik elkarteak eta Amikuzeko ikastolak eskaini talo goxoak janez segitu zuten gaualdia bertsuzaleek, herriko gelan berean.

Hantxet, Gabadiko eskolako haurrek Baxe Nabarreko Euskararen urtarokari Bertsularien Lagunak elkarteak antolatu bertsu tailerrak direla medio, beren andereñoarekin gelan prestatu erakusketa pollita zen ikusgai. Marrazkien bidez, Mattin bertsulariaren biografiako elementuak, Xilabako parte hartzaileen karikaturak eta 2zio taldearen rap baten ilustrazioa ziren irudikatuak, bertsularitza lehen, egun eta bihar gaitzat hartuta. Zorionak haurreri irudi eder horiek sorturik!