Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Mattinsalto irabazle Baigorrin ospatutako Finalean

2018/12/02
Ortzi Idoate, Amets Arzallus, Hodei Renteria, eta Nahia Sascok osatutako Dilindan taldearekin lehiatu ondoren, Xumai Murua, Aitor Servier, Ellande Alfaro, eta Pantxika Solorzanok osatutako Mattinsalto taldea bilakatu zen lehen Taldekako XILABA xapelaren jabe.

Pasa den larunbatean, Baigorriko Plaza Xoko mukuru beteta zela, eman zitzaion hasiera lehen Taldekako XILABA xapelketaren Finalari. Saioa hasi aitzin, denek gogoan dugun eta lehen taldekako hunen abentura denboran utzi gaituen Aitor Sarasuari goraintzi bat egin zitzaion. Aitor, Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakaria, zuzendaritzakidea, eta bertsu erakasle izan zen, eta hori beino aise gehiago ere gutariko bakotxarendako, nola ez. Hari eta hain hurbil eta goxo zaukan familiari, finaleko bertsu ta irriak eskaini zitzaizkien!

Xiberoa, Baxenabarre eta Lapurdiko 11 talderen artean jokatu da aurtengo Taldekako XILABA. 11 Saioko ligaxka bat, bi finalerdi eta finala iragan dira urriaren 12an hasi zen edizio huntan. Orotara 40 bat bertsulari kantari eman ditu, eta hauekin batera, aurkezleak, antolatzaileak, epaileak eta hainbat laguntzaile ere.

Bertsuzale guziekin batera, denen artean osatzen dugu bi urtez behingo XILABAko bertsuzaleen taldea. Bainan urte guzian zehar ere herriz herriko taldeak dira bertsularitzaren ardatz eta motor. Hargatik talde gisa hartu dugu hitza bertsularitzaren besta izaitea xede duen lehiatto huntan. Finalaren amaieran sariak eta xapelak emaitea ere taldeen arteko afera izan zen. Oholtza gainean ziren bi taldeak elkarri eman zizkioten sariak, eta Dilinda taldekoak jantzi zizkieten xapelak Mattinsalto taldeko irabazleei.

Taldekako huntan parte hartu duten talde guziak aipatu ta eskertu nahi ginituzke lehen lehenik. Huna zoin ziren: Kantiniersak, Ostatu Batuak, Ezkorbrutak, Kosta ala Kosta, Eskukula, Otsoaren 7 Umeak, Kontrabanda, Mattinsalto, Dilindan, Tirrit, eta Sasi Bertsolariak!

 ZORIONAK!

Bestetik, saioen ohantze izan diren herri, elkarte eta ostatuak ere eskertu nahi ditugu: Gamereko ostatua, Altzumartako herria, Sarako trinketa, Heletako gaztetxea, Pausuko Xaia ostatua, Urruñako Berttoli elkartea, Donibane Garaziko Luisenia ostatua, Hendaiako Bakarxoko ostatua, Baigorriko Manexenia ostatua, Hendaiako Akelarre elkartea, Azkaingo Xoko Ona ostatua, Suhuskuneko herria eta Ortzaizeko ikastola, eta Baionako Zizpa gaztetxea. Azkenik, diruz lagundu gaituzten partaide guziak.

Plazerra izan da!!!