Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

50 gazte Zugarramurdin eta 152 haur Baionan, Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko bertsu eskolen topaketetan

2018/04/16
Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko bertsu eskola ezberdinetako gazteak eta haurrak bildu ziren Zugarramurdiko "Sorginen etxean"eta Baionako Bernat Etxepare Lizeoan.

Topaketak 2018 2

Apirilaren 9, 10, 11, 12, 13, 14 eta 15ean, Xibero, Lapurdi eta Baxenabarreko 30 bertsu eskoletako 202 gazte eta haur bildu ziren Zugarramurdiko "Sorginen Etxean" eta Baionako Bernat Etxepare Lizeoan, hiru topaketetan. Hauekin batera bost erakasle eta bost begirale izan ziren bertan. Bertsuaren aitzakian elkartu, elkar ezagutu eta ongi pasatzea izan ziren topaketen helburuak. Haurren bi topaketetan, Xiba eta bertsolaritzaren inguruko jolasekin iragan zuten egonaldia, eta gauak alaitzeko Gorka Rodrigez gitarrista izan zuten haiekin. Eta 9an eta 12an Xapelgoaren bi kanporaketa ospatu ziren, topaketetako haurren aitzinean.  

Gazteen topaketan, tailerrak, eta hainbat aktibitate izan zituzten. Ostiralean, Aitor Sarriegi eta Nerea Ibarzabalen bisita izan zuten. Arratsaldean elgarrekin parte hartu zuten "Pasa hitza" jokoaren inguruan, eta afaldu ondoren bi bertsulariak han bildutakoei, bertsu saio bikaina eskaini zieten. Larunbatean Oihana Iguaran eta Beñat Gaztelumendi izan ziren bertan, eta aurreko egunean bezala elkarrekin bertsularitzari buruz solasean jarduteko parada izan zuten, eta ondoren bi bertsulariak saio ederra eskaini zieten bertan bildu zirenei. Igandean Ellande Alfaroren hitzaldia izan zuten, oraingoan pilotaren inguruan, gazteak Ellanden agerpenak arreta handiz jarraitu zituzten.

Eta  giroa alaitzeko, Xabi Solano izan zuten haiekin.
Topaketak 2018 1