Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Nafarroa

Leitzak hartuko du txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoa, igandean

2021/11/10
Bertan argituko da Iruñeko finalean ariko diren zortzi bertsolarien behin-betiko zerrenda. Herriko kiroldegian izango da Leitzako saioa, igande honetan, azaroak 14, 17:30etatik aurrera. Sei bertsolari ariko dira kantari: Joanes Ilarregi, Eneko Fernandez, Sarai Robles, Xabier Silveira, Julen Zelaieta eta Iker Gorosterrazu. Irabazlea zuzenean sailkatuko da finalera, aurretik Eneko Lazkozek eta Julio Sotok egin bezala. Puntuazioak erabakiko ditu beste bost finalistak.

Hirugarren eta azken finalaurrekoa jokatuko da igandean, txapelketako finalisten behin-betiko zerrenda argituko duena. Leitzan izango da saio hori, heldu den igandean, azaroak 14. Herriko kiroldegian jokatuko da, 17:30etatik aurrera. Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian, saioaren eguneko 15:00ak bitarte. Hortik aurrera, aretoko txarteldegian ere eskuratu ahal izango dira.

Sei bertsolari ariko dira Leitzako oholtzan, Ainhoa Larretxea gai-jartzailearen aginduetara: Joanes Illarregi Marzol, Eneko Fernandez Maritxalar, Sarai Robles Vitas, Xabier Silveira Etxeberria, Julen Zelaieta Iriarte eta Iker Gorosterrazu Elizagoien. Saioa irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da azaroaren 28ko Iruñeko finalera, Altsasuko saioan irabazitako Eneko Lazkozek eta Berriozarko saioan irabazitako Julio Sotok dagoeneko egin bezala. Hiru finalaurrekoetako hiru irabazleekin batera, puntuazioaren araberako hurrengo bostek osatuko dute finalisten zerrenda. Hain zuzen ere, igandean bertan, Leitzako saioa bukatutakoan, argituko da zerrenda hori. Une honetan, hau da finalaurreko faseko sailkapena.

 

Sei bertsolari izango dira Leitzako oholtzan, finalerako bidea ireki nahian.