Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Nafarroa

Lakuntzan jokatuko da igandean Txapelketako hirugarren final-laurdena

2017/02/23
Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Oier Lakuntza, Iker Gorosterrazu, Egoitz Gorosterrazu eta Joanes Illarregi ariko dira kantuan, 17:30etatik aurrera.

Pasa den asteburuan abiatu zen 43. Nafarroako Bertsolari Txapelketa, larunbatez Tafallan eta igandez Auritzen jokatutako saioekin. Julio Soto gailendu zen Tafallan, eta Xabier Terreros Auritzen, eta horrenbestez, biek eskuratu zuten finalaurrekoetarako txartela.

Igande honetan, hilak 26, jarraituko du txapelketak, Lakuntzan jokatuko den hirugarren final-laurdenarekin. 17:30ean hasita, Lakuntzako Kultur Etxean, sei bertsolari ariko dira kantuan: Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Oier Lakuntza, Iker Gorosterrazu, Egoitz Gorosterrazu eta Joanes Illarregi. Lehen aldiz hartuko du parte txapelketan azken bertsolari horrek. Ainhoa Aranburuk egingo ditu gai-jartzaile lanak. Lakuntzako Udalaren eta Sakanako Bertso Eskolaren laguntza izan du Nafarroako Bertsozale Elkarteak saioa antolatzeko.

Saioko lehen sailkatua finalaurrekoetara pasako da zuzenean. Gainerakoek, lehen fasea bukatu arte itxaron beharko dute, sailkapenaren arabera pasatzen diren edo ez jakiteko. 18 dira finalaurrekoetara sailkatuko diren bertsolariak, 30tik.

Sarrerak salgai

Sei euroko salneurria dute saioetarako sarrera arruntek, lau eurokoa Bertsozale Elkarteko bazkideen eta 16 urtetik beherakoen kasuan. www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke sarrerak, eta baita Lakuntzako Ogiberri Apurren ere. Saioen egunean, gainera, 16:00etan irekiko dira aretoko leihatilak, eta han ere eskuratu ahal izanen dira sarrerak.

Osotara, bost final-laurdenek, hiru finalaurrekok eta finalak osatuko dute inoizko parte hartzerik handiena duen txapelketa. Apirilaren 8an izango da finala, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Txapelketaren gaineko informazio osoa eta eguneratua www.bertsozale.eus webgunean aurkituko duzue.