Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Nafarroa

Finalean ez da COVID ziurtagiririk exijituko

2021/11/23
Nafarroako Gobernuak indarrean jarri nahi duen neurriak ez lieke eragingo janari eta edari kontsumiziorik ez duten kultur ekitaldiei. Ondorioz, igandeko finalean ez da ziurtagiririk eskatuko, baina barra ez da irekiko, eta debekatuta egongo da areto barruan jan eta edatea. Entzuleek, gainera, maskara jantzita izan beharko dute saio guztian zehar.

Azaroaren 27tik aurrera ezarri nahi du Nafarroako Gobernuak Covid ziurtagiria, hainbat alor eta ekitalditan. Neurri hori auzitegien berrespenaren zain dago uneotan, eta argitaratu arte ez dira detaileak ezagutuko, baina gaur-gaurkoz, hortik salbuetsita leudeke janari eta edari kontsumiziorik gabeko kultur ekitaldiak. Horien artean kokatuko litzateke Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala, azaroaren 28an ospatzekoa dena, Iruñeko Anaitasunan. Ondorioz, neurri hori ezarri behar ez izateko, Anaitasunako barra itxita egongo da, eta debekatuta egongo da areto barruan edan eta jatea. Edonola ere, Nafarroako Bertsozale Elkartea azken uneko neurrietara egokituko litzateke, azken neurriak beste batzuk balira ere.

Bestalde, entzuleek maskara jantzita izan beharko dute, saio guztian zehar. Jende asko elkartuko da Anaitasunan, eta ondokoarekiko errespetuagatik, neurri hori betetzeko deia egin nahi du antolakuntzak; zaindu dezagun elkar. Bertsolariak eta aurkezleak neurri horretatik salbuetsita daude, kultur ekitaldiko artista taldea osatzen duten heinean, bestelako antzerki edo musika emanaldietan bezala.

Azkenik, pilaketak ekiditeko, ohikoa baino lehenago irekiko dira ateak, 15:00etan. Nafarroako Bertsozale Elkarteak goiz bertaratzeko deia egin nahi du. Behin sartuta, sarrera gordeta, arazorik gabe atera ahalko da aretotik kanpora, eta berriz sartu, beti ere bertsoladien arteko tarteetan, bertsolarien lana errespetatze aldera.

15:00etatik aurrera sartu ahal izango da aretoan