Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Nafarroa

Donezteben jokatuko da azken final-laurdena, larunbatean

2021/10/13
Malerrekako herriak jasoko du faseko azken saioa, herriko zineman, 17:30ean. Irabazleak zuzenean eskuratuko du finalaurrekoetarako txartela, eta saioa bukatutako argituko dira hurrengo fasera sailkatzen diren beste bertsolarien izenak ere.

Izabatik, Tafallatik eta Zangozatik igaro ostean, final-laurdenetan azkena gelditzen zaio jokatzeke 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketari. Larunbatean izanen da saio hori, Doneztebeko zineman, 17:30ean. Maialen Belarra gai-jartzaile dela, bertan izango dira kantuan Julio Soto Ezkurdia, Josu Sanjurjo Altzuri, Iker Gorosterrazu Elizagoien, Ekain Alegre Gil, Egoitz Gorosterrazu Elizagoien eta Sahats Aleman Sadaba. Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Doneztebeko Udalaren laguntza jaso du saioa antolatzeko.

Saioan puntu gehien biltzen dituen irabazlea zuzenean sailkatuko da finalaurrekoetako faserako. Dagoeneko Eneko Fernandezek, Eneko Lazkozek eta Joanes Illarregik eskuratu dute txartel hori, Izabako, Tafallako eta Zangozako saioak irabazita, hurrenez hurren. Lau saioetako lau irabazleekin batera, beste 14 bertsolari ere izango dira finalaurrekoetan, final-laurdenetako faseko sailkapenaren araberakoa. Hain zuzen ere, larunbateko Doneztebeko saioa bukatuta jakingo dira horien izen-abizenak. Une honetan, horrela dago sailkapena.

Azaroaren 1ean emango zaio hasiera finalaurrekoen faseari, egun horretan Altsasun jokatuko denarekin.

Sei bertsolari izango dira Doneztebeko saioan kantari, finalaurrekoetarako leku bila.