Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Joxema Leitzak jantziko dio txapela irabazleari

2019/03/15
Bertsolari, gai-jartzaile, epaile, bertso irakasle eta eragile, bertsolaritzari alderdi gehienetatik egin dio ekarpen Joxema Leitzak (Arbizu, 1971). Txapela jartzeko keinu horren bitartez, bertsoaren alde egindako lan eskerga aitortu nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak.

Ofizio eta egiteko askok osatzen eta aberasten dute bertsoaren ekosistema: bertsolariak, gai-jartzaileak, epaileak, eragileak, bertso irakasleak… Badira horietako bakoitzetik ekosistema osoari ekarpen egiten diotenak, eta badira horiek guztiak betetzen dituztenak, ertz eta alderdi guztietatik emanez eta jasoz. Azken horietako bat da Joxema Leitza (Arbizu, 1971).

Euskal filologian lizentziatua, euskalgintzan jardun du betidanik, ofizioz eta afizioz, izan AEKn, izan Bierrik Elkartean edota Oinarriak bilgunean. Hainbatetan parte hartu izan du Nafarroako Bertsolari Txapelketan bertsolari gisara. Epaile eta gai-jartzaile ere aritu izan da,  eta denetariko txapelketa, sariketa eta saioak antolatzen ere jarduten du. Sakanako Bertso Eskolako irakasle eta bultzatzaile nabarmena ere da.

1995etik izan zen Nafarroako Bertsozale Elkarteko eragile eta irakasle, azken hori orain gutxira arte. Txapela jartzeko aukera emanez, bertsoaren alde egindako lan eskerga aitortu eta eskertu nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Mila esker, Joxema.

Joxema Leitza, aurtengo txapeldunari txapela jarriko diona.