Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Asteburu honetan emango zaio hasiera Nafarroako Bertsolari Txapelketari

2017/02/16
Tafallak hartuko du lehen final-laurdena, larunbatean, eta Auritzek bigarrena, igandean. Apirilaren 8ra arte jokatuko da txapelketa, eta bederatzi saio izanen dira guztira.

Saio bikoitzarekin hasiko da asteburu honetan 43. Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Larunbatean Tafallan jokatuko da lehen final-laurdena eta igandean bigarrena, Auritzen.

Larunbatean, 17:30ean hasita, Tafallako Kulturgunean sei bertsolarik hartuko dute parte: Julio Soto, Kotte Plaza, Iñigo Olaetxea, Iban Garro, Mikel Lasarte eta Sahats Aleman. Alaitz Rekondok egingo ditu aurkezle eta gai-jartzaile lanak. Tafallako Udalak lagundu du saioa antolatzen.

Asteburuko bigarren final-laurdena igandean izanen da, Auritzeko Kultur Etxean, 17:30ean. Xabier Terreros, Saioa Alkaiza, Alazne Untxalo, Patxi Castillo, Ioar Tainta eta Joana Ziganda igoko dira oholtzara. Iker Mundiñano izanen da aurkezle eta gai-jartzailea. Auritzeko Udalaren eta Erroibarko Bertso Eskolen laguntza izan du Nafarroako Bertsozale Elkarteak saioa antolatzeko.

Saio bakoitzeko lehen bi sailkatuak finalaurrekoetara pasako dira zuzenean. Gainerakoek, lehen fasea bukatu arte itxaron beharko dute, sailkapenaren arabera pasatzen diren edo ez jakiteko. 18 dira finalaurrekoetara sailkatuko diren bertsolariak, 30tik.

Sarrerak salgai

Sei euroko salneurria dute bi saioetarako sarrera arruntek, lau eurokoa Bertsozale Elkarteko bazkideen eta 16 urtetik beherakoen kasuan. www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke sarrerak, eta baita Tafallako Kulturgunean eta Auritzeko euskara zerbitzuan ere. Saioen egunean, gainera, 16:00etan irekiko dira bi aretoetako leihatilak, eta han ere eskuratu ahal izanen dira sarrerak.

Osotara, bost final-laurdenek, hiru finalaurrekok eta finalak osatuko dute inoizko parte hartzerik handiena duen txapelketa. Apirilaren 8an izango da finala, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Txapelketaren webgunean topa daiteke informazio oso eta eguneratua. 

 

Tafallako final-laurdenan ariko den seikotea.