Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Igandean Lesakan jokatuko da bigarren finalaurrekoa

2015/03/06
Martxoaren 8an izango du segida finalaurrekoetako faseak, Lesakako Harriondoa Kultur Etxean arratsaldeko 17:30ean.

Honako sei bertsolariak arituko dira kantuan: Aimar Karrika auriztarra, aurreko edizioko finalista eta Zubiriko saioa irabazita zuzenean sailkatua. Ander Fuentes “Itturri” zubietarra, txapelketan beteranoa, finalista izandakoa eta Lizarrako final-laurdena irabazita zuzenean sailkatua. Julen Zelaieta beratarra, txapeldun izandakoa eta ohiko finalista. Xabier Terreros lesakarra, lau  urtetako geldialdiaren ondotik txapelketara itzulitakoa eta hainbat edizioetako finalista. Amaia Elizagoien oronoztar bertsolari gaztea, txapelketan bigarren parte-hartzea duena eta Kotte Plaza iruritarra, Baztango helduen bertso-eskolako kidea eta lehen aldiz txapelketan lehian dabilena. Saioa, Alaitz Rekondok aurkeztuko du.

Berriozarren bezala, Lesakan ere saioa irabazten duenak zuzeneko sailkatzea lortuko du finalerako eta gainontzeko bost bertsolariek martxoaren 15ean Burlatan jokatuko den hirugarren eta azken finalaurrekora arte itxaron beharko dute puntuazioz finalistak diren jakiteko.

Lesakako saiorako sarrerak, www.bertsosarrerak.eus atarian eta herriko okindegian eskuratu daitezke. Takila, arratsaldeko 16:00etan zabalduko da Kultur Etxean bertan.

Lesakako finalaurrekoaren antolaketan Lesakako udalak eta Bortzirietako Bertso Eskolak lagundu dute.