Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Ireki da epea Iruñeko III. Bertsopaper Lehiaketan lanak aurkezteko

2022/03/16
Hirugarrenez antolatu dute sariketa Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Aurreko bi aldietan bezala, hiru kategoria izango dira parte hartzeko, hiruna sarirekin. Ekainaren 30era bitarte izango da lanak aurkezteko epea.

Martxan da Iruñeko III. Bertsopaper Lehiaketa. Aurreko urteetako bideari eutsiz, hirugarrenez antolatu dute lehiaketa Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak elkarlanean, bertso idatzien sorkuntza sustatzeko asmoz.

Nafarroan jaiotako edo Nafarroan bizilekua duten egileek parte hartu dezakete, hiru kategoriatan: txikiena, 2009an edo ondoren jaiotakoentzat; gazteena, 2005 eta 2008 urteen artean jaiotakoentzat (biak barne), eta helduena, 2004an edo lehenago jaiotakoentzat. Kategoria bakoitzak sari ezberdinak izango ditu. Lehenengoan, 50 eta 150 euro arteko kultur bonoak oparituko dira. Bigarrenean, 150 eta 350 euro arteko diru-sariak. Eta hirugarrenean, 500 eta 1.500 euro artekoak. Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak, gainera, helduen kategorian lehen saria eskuratzen duen obran oinarrituta ikuskizun edo emanaldi bat ekoizteko eskubidea gordeko dute, interesekoa suertatzen bada.

Amaia Telletxeak, Joseba Beltzak eta Saioa Alkaizak osatuko dute epaimahaia, Nafarroako Bertsozale Elkarteak hala proposatuta.

Iruñeko Udalaren Kultur Sailaren webgunearen bitartez aurkeztuko dira lanak, ekainaren 30era bitarte. Ondorengo loturan kontsultatu daitezke lehiaketaren oinarri osoak.