Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Nafarroa

Lau saio eta berrehundik gora entzule Bardoetako lehen asteburuan

2018/02/05
‘ibardin. Hiru ta lau dira zazpi’, ‘(Larraun da Araitz) Bi dozena’, ‘Aldatzea komeni’ eta ‘Barakinak’ taldeek lehen puntua eskuratu dute, eta bigarren faserako bidean daude. Beran, Iruñean, Leitzan eta Barañainen izan dira saioak.

Giro ederrean abiatu da 2018ko Bardoak, Nafarroako taldekako bertso egitasmoa. Lau saio izan dira lehen asteburu honetan, Beran, Iruñean, Leitzan eta Barañainen, eta berrehundik gora lagun bildu dira horietan, saioak bertatik bertara jarraitu eta bertsolaritzaz gozatzeko.

Ostiralean abiatu zen txapelketa, Berako Kataku ostatuan, 20:30ean. Han izan ziren herriko ‘Ibardin: Hiru ta lau dira zazpi’ taldea eta Sakanatik bertaratutako ‘Sakana Zirt’, parez pare. Ariketa guztiak eginda, beste talde batetik epaitzera joandako bi kideen eta publikoko bost entzuleren botoak jasota, etxeko taldea izendatu zuten saioko irabazle.  

Larunbatean bi saio izan ziren. Batetik, Iruñeko Zaldiko Maldikon jokatutako saioan, Iruñeko ‘Mirristi Drimtin’ eta Larraun eta Araitz bailaretako ‘(Larraun da Araitz) Bi dozena’ taldeak izan ziren kantuan, 50 lagunen aurrean, eta San Frantzisko Ikastetxeko musikariek girotuta. Bisitariak izan ziren nagusi.

Egun berean, Leitzako Atekabeltz Gaztetxean, herriko ‘Aldatzea komeni’ eta Iruñeko ‘Topa bardo kopa!’ taldeak aritu ziren aurrez aurre. 60 bat pertsona bildu ziren gaztetxean, eta giro ederrean joan zen saioa. Azkenean, Leitzako taldea izan zen irabazlea.

Barañainen jokatu zen asteburuko azken saioa, igandean. Herriko ‘Barakinak’ eta Piriniotako ‘Pirini Bardo’ taldeak izan ziren parez pare. Akelamendi tabernan izan zen saioa, eta lepo bete zen aretoa bertsolarien jarduna jarraitzeko. Etxeko taldea izan zen nagusi.

Talde irabazleek lehen puntua bildu dute, eta bigarren fasera pasatzeko aukerak izango dituzte. Lehen fasea bukatu arte, ordea, ez dute hori jakiterik izango. Ostiralean jarraituko du Bardoak egitasmoak, eta sei saio izango dira guztira bigarren asteburu horretan.

'Mirristi Drimtin' taldeko kideak, larunbateko saioko agurrean.

Bardoak 2018
  • Otsailaren 2tik martxoaren 24ra

  • 16 talde

  • 113 parte hartzaile

  • 74 bertsolari

  • 23 saio