Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

121 parte-hartzaile, 71 bertsolari eta 23 saio Bardoen hirugarren edizioan

2016/01/18
Ostiralean, urtarrilaren 22an, martxan jarriko da Bardoak Nafarroako taldekako bertso ekimenaren hirugarren edizioa eta martxoaren 19an Etxarri-Aranatzen jokatuko den finala bitartean 23 saio antolatuko dira.

Datuei erreparatuta, abiapuntu ikusgarria du edizio honek: 16 taldek hartuko dute parte, guztira 121 parte-hartzailerekin. Horietatik 71 bertsolari aterako dira plazara, inoizko kopururik handiena, eta 20 kidek publiko aurrean lehenengoz kantatzeko pausua emango dute. Bardoek eskainiko duten saio kopurua ere ez da nolanahikoa, bi hilabetetan 23 saio izanen baititu taldekako txapelketak.

Txapelketa formatua izango badu ere, lehiaz harago, bertso-eskoletatik abiatuta bertso-eskolen sarea eta bertsozaletasuna indartzeko egiten den proiektua da, taldean oinarritzen dena. Gutxienez bost kidez osatuko da talde bakoitza: hiru bertsolari, gai-jartzaile/aurkezlea eta taldeko ordezkaria.

Nafarroako Bertsolari Txapelketa jokatzen ez den urteetan, 2012az geroztik bi urtez behin antolatzen den ekimena da, auzolana oinarri, bertsozaleari bertsogintzaz gozatzeko aukera berritzailea eskaini asmoz. Aurreko bi edizioetan bezala, bertsolari eta bertsozaleen harrobia sustatu eta bertsolaritza gune berrietara zabaltzeko helburuekin dator gainera.

16 taldeak bost ligaxkatan banatuta ekingo diote lehen faseari. Bigarren fasea berriz, sei taldek jokatuko dute eta finala hirukoa izango da. Finala salbu, saioak elkarte girokoak izanen dira, hurbilak, gozoak eta kalitatezkoak. Kasu gehienetan saio horiek otorduekin osatuko dira.

Bardoen finala martxoaren 19an jokatuko da Etxarri-Aranazko frontoian. Bigarren fasetik sailkatutako hiru talde arituko dira kantuan, guztira bederatzi bertsolari. Arratsaldeko saioa izango bada ere, egun osoko festa eguna bihurtuko da. Azken urteotan Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala bertsolaritzaren eta euskal kulturaren ezinbesteko hitzordu bilakatu da eta final honek ere lehiaz harago dagoen bertsolaritzaren festa handia izaten segitu nahi du.

Bardoak 2016ko informazio osoa eta eguneratuta www.bertsozale.eus webgunearen barruan sortu den atalean egonen da. www.bertsoa.eus atarian ere saioetako bideoak izanen dira ikusgai.

 

Bost saio antolatuko dira Bardoetako lehen asteburuan

Urtarrilaren 22an abiatuko da Bardoak Nafarroako taldekako bertso ekimena. Ostiralean lau saio jokatuko dira: Lizarrako Gure Hizkuntza elkartean eta Donamariako herriko ostatuan bertso-merenduak eta Barañaingo Haizea elkartean eta Berako Kataku ostatuan berriz, bertso-saioak.

Larunbatean, beste saio bat eginen da: Altsasuko Gure Etxean, bertso-merendu formatuan.

Bardoak 2016
  • Urtarrilak 22 - Martxoak 19

  • 16 talde

  • 121 parte-hartzaile

  • 71 bertsolari

  • 23 saio