Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Beran abiatuko dira 2018ko Bardoak, bihar

2018/02/01
Osotara, lau saio izango dira txapelketako lehen asteburu honetan, Beran, Iruñean, Leitzan eta Barañainen. 16 talde ariko dira guztira aurtengo Bardoetan, bihar hasi eta martxoaren 24ra arte.

Dena dago prest 'Bardoak 2018, Nafarroako taldekako bertso egitasmoa' abiatzeko. Bihar, ostirala, Beran izango da saioa, eta horrekin abiatuko da taldekako aurtengo txapelketa. Berako Ibardin: Hiru ta lau dira zazpi eta Sakanako Sakana Zirt taldea izango dira aurrez aurre, 20:30ean, Kataku ostatuan. Ordu erdi lehenagotik merendua izango da ostatuan bertan, hara bertaratzen direnentzako. Sarrera librea izango da, baina borondatea uzteko aukera izango dute entzuleek.

Asteburuak beste hiru saio gehiago ere utziko ditu. Larunbatean, hilak 3, Leitzako Atekabeltz Gaztetxean herriko Aldatzea komeni eta Iruñeko Topa bardo kopa! ariko dira bertsotan, 18:00etatik aurrera. Ordu eta egun berean, saioa izango da Iruñeko Zaldiko Maldiko Elkartean ere, bertako Mirristi Drimtin eta Larraun eta Araitz bailaretako (Larraun da Araitz) Bi dozena taldeen artean. Saioaren ostean merendua izango da bi kasuetan. Leitzako saioak 4 euroko sarrera izango du, eta Iruñekoak 8 eurokoa (haurren kasuan, 3 euro). 

Barañainen jokatuko da asteburuko azken saioa, igandean, 18:00etan. Akelamendi tabernan ariko dira herriko Barakinak taldea eta Piriniotako Pirini Bardó, sarrera librearekin, borondatearen truk.

Eskala txikiko egitasmo handia

Bere xumean, handia da Bardoak 2018. 16 talde eta 113 parte hartzaile izango ditu, eta horietatik 74 izango dira bertsolariak. Beteranoak gazteekin nahasiko dira, eta ibilbide luzekoak hasi berriekin aterako dira plazara. Osotara, 23 saio izango dira. Kopuruek ongi erakusten dute Nafarroako bertso mugimenduaren osasuna. Are, bertsolaritzaren transmisioan jarritako arreta eta indarraren fruitu dira. Bestelako gailurren oinarri dira bertso-eskolak eta tokian tokiko plazak, eta oinarri hori sendoa dela erakusten du Bardoak 2018 egitasmoak. Horren bidetik etorriko dira fruitu berriak ere.

Hamasei talde parte hartzaileak bost multzotan egongo dira banatuta. Hala, talde bakoitzak bere multzoko bi talderekin egingo ditu saioak, bat “etxean” eta bestea “kanpoan”. Bigarren fasera multzo bakoitzeko talde bana eta F multzoko bi talde pasako dira, guztira sei talde. Bigarren fasean joan-etorriko saioak antolatuko dituzte taldeek, eta hiru sailkatuko dira finalera. Finala salbu, saioak elkarte girokoak izango dira, hurbilak, gozoak eta berritzaileak. Kasu gehienetan, gainera, saio horiek otorduekin osatuko dira.

Lehenengo fasean, hortaz, 16 saio izango dira guztira, eta asteburu honetan jokatuko dira lehenengo lauak. Has dadila beraz Bardoen festa! Entzun dezagun haien kantua.