Nafarroa

Xalto bertso sariketaren hamabigarren edizioak formatu berria izango du

2013/11/12
Azaroaren 15ean bi kanporaketa jokatuko dira Iruñean eta Leitzan eta azaroaren 22an berriz finala, Goizuetan

Ostiralean, azaroaren 15ean, hamabigarren ediziora ailegatuko da bi urtetik behin egiten den bertsolari berrientzako Xalto sariketa.

Eraberrituta, saio bakarra egin beharrean, hiru saio izango ditu; bi kanporaketa eta Goizuetan jokatuko den finala.

Honela, azaroaren 15eko bi kanporaketak, Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean eta Leitzako gaztetxean izanen dira.

Guztira, hamasei bertsolarik kantatuko dute bi saio horietan eta saio bakoitzeko lehen hiru sailkatuek osatuko dute finaleko seikotea.

Bertso-merendu formatuarekin, kanporaketak 19:30ean hasiko dira eta ondotik merendua eskainiko da. Sarrera doakoa da.

Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean, ondoko zortzi bertsolariek kantatuko dute: Kotte Plaza (Irurita), Egoitz Gorosterrazu (Ituren), Saioa Alkaiza (Antsoain), Oier Amiano (Elizondo), Oskar Sanz de Acedo (Iruñea), Amaia Elizagoien (Oronoz), Sarai Robles (Barañain) eta Iban Garro (Lesaka). Gai-emaile lanetan Ainara Ieregi arituko da eta epaile lanetan berriz, Ekintza Landa, Julen Zelaieta eta Mikel Beaumont.

Leitzako gaztetxean kantatuko duen zortzikotea hau izanen da: Patxi Castillo (Bera), Xabier Maia (Elizondo), Iker Gorosterrazu (Ituren), Unai Uberetagoena (Iruñea), Irati Majuelo (Iruñea), Mikel Lasarte (Barañain), Jokin Pinatxo (Bera) eta Mikel Azpiroz (Leitza). Jon Arratibelek jarriko ditu gaiak eta epaile lanetan, Joseba Beltza, Saioa Mitxelena eta Ander Fuentes “Itturri” arituko dira.

Honakoa da parte-hartzaileek egin beharko duten lana:

-          Zortziko handian binaka gaia emanda bina bertso osatu

-          Zortziko txikian binaka ofizioka hiruna bertso osatu

-          Zortziko txikian bi punturi erantzun

-          Emandako hitzari bertso bana

 

Finala, azaroaren 22an Goizuetan

Bertso-afari formatua izango du azaroaren 22an Goizuetan egingo den finalak. Gaueko 21:00etan hasita, Goizuetako Umore Ona elkartean egingo da afaria eta ondoren saioa. Maider Ansa gai-emaileak bideratuta, kanporaketetatik sailkatutako sei bertsolari arituko dira kantuan. Epaile lanetan berriz, Jon Abril, Saioa Mitxelena eta Ander Fuentes “Itturri” jardungo dira.

15 eurotan, sarrerak aurretik salgai jarriko dira Goizuetako Amaia kafetegian eta Nafarroako Bertsozale Elkartearen egoitzan.

Saioan zehar bertsolariek ondoko lana egin beharko dute:

-          Zortziko handian binaka gaia emanda hiruna bertso osatu

-          Zortziko txikian binaka ofizioka hiruna bertso osatu

-          Binaka launa kopla osatu

-          Objektu bati bertso bana

-          Kartzela:

  • Zortziko txikian bi punturi erantzun
  • Gaia emanda bakarka bina bertso osatu

 

Hamabigarren edizioa

Nafarroako Bertsozale Elkarteak urtero antolatzen dituen ekimenen artean, txandakatzen diren Xalto sariketa eta Mariano Izeta sariketa daude. Horien helburu nagusia Nafarroako bertsolari gazte zein hasi berriei kantatzeko aukera ematea da, haien bertsogintza ezagutarazteko eta gerora baliagarri izango zaien esperientzia har dezaten.

Xalto sariketa, 1992. urtean egin zen lehen aldiz eta aurten hamabigarren edizioa jokatuko da. Andres Narbarte “Xalto” bertsolariaren omenez egina, Goizuetan, bere jaioterrian ospatuko da finala.

Hamabi edizio hauetan bertsolari nafarren harrobia izan da eta hala izaten segituko du. Julio Soto, Estitxu Arozena, Xabier Silveira… izan dira Xalto sariketa irabazi dutenetako batzuk. Duela bi urteko sariketan Aimar Karrika auriztarrak jantzi zuen txapela.

Sariketa honetan parte hartzeko hiru baldintza bete behar dituzte bertsolariek: Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean inoiz kantatu ez izana, aurretik Xalto sariketa irabazi ez izana eta 1997. urtean edo beranduago jaioak izatea.

Nafarroako Bertsozale Elkartea da Xalto sariketaren antolatzailea, Goizuetako udalaren laguntzaz. Horrez gain, Goizuetako Umore Ona elkartea, Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartea, Leitzako gaztetxea eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren babesa ere du ekimenak.