Nafarroa

Urtarrilaren 18an eta 19an jokatuko dira 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako aurrekanporaketak

2019/01/09
Otsailaren 9tik martxoaren 23ra luzatuko da 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Horren aurretik, ordea, bi aurrekanporaketa jokatuko dira, txapelketan ariko diren bertsolarien zerrenda zehazte aldera. Urtarrilaren 18an izango da lehen kanporaketa, Iruñeko Txantrea auzoko Auzotegin, eta urtarrilaren 19an bigarrena, Irunberrin. Galbahea pasata, sei bertsolarik egingo dute aurrera.

Abiatzear da 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa, historiako 44.ena. Final-laurdenetako fasea otsailaren 9an hasiko da, eta martxoaren 23an bukatuko da txapelketa, finalarekin. Horren aurretik, ordea, bi aurrekanporaketa jokatuko dira, txapelketan ariko diren bertsolarien zerrenda zehazteko helburuz.30 bertsolarik eman dute izena aurtengo edizioan, baina 24 izango dira final-laurdenetako fasean. Hori hala, bi aurrekanporaketa jokatuko dituzte lehen aldiz parte hartzen duten sei bertsolariek eta azken txapelketako azken sei sailkatuek, eta horietatik sei pasako dira otsailean hasiko den fasera.

Urtarrilaren 18an jokatuko da lehen aurrekanporaketa, Iruñeko Txantrea auzoko Auzotegin, eta biharamunean, urtarrilaren 19an, bigarrena, Irunberrin. Guztira, hamabi bertsolari ariko dira kantuan, sei parte hartzaile berriak (Aitor Irastortza, Ander Baiano, Idoia Granizo, Endika Legarra, Mintxo Astiz eta Xabat Illarregi), eta 2017ko txapelketako azken sailkatuak (Saats Karasatorre, Egoitz Gorosterrazu, Oskar Sanz de Acedo, Sahats Aleman, Joana Ziganda eta Diego Riaño -azken horrek ez zuen parte hartu 2017koan, baina bai aurretik-). Hamabi horietatik, seik aurrera egin eta otsailaren 9an abiatuko den fasean izango dira. Zehazki, saio bakoitzeko irabazleak, eta sailkapenaren araberako hurrengo lauak izango dira galbahea pasako dutenak. Hauek dira bi aurrekanporaketak:

Aurrekanporaketa. Urtarrilak 18, 19:30ean Txantreako Auzotegin

  • Joana Ziganda Olano (Oskotz)
  • Diego Riaño Barroso (Leitza)
  • Aitor Irastortza Arrizurieta (Azpirotz)
  • Sahats Aleman Sadaba (Iruñea)
  • Mintxo Astiz Goñi (Barañain)
  • Idoia Granizo Uribarrena (Altsasu)

 

Aurrekanporaketa. Urtarrilak 19, 17:30ean Irunberriko Gizarte Etxean

  • Xabat Illarregi Marzol (Leitza)
  • Endika Legarra Nuin (Iruñea)
  • Oskar Sanz de Acedo Pollan (Iruñea)
  • Ander Baiano Saralegi (Barañain)
  • Egoitz Gorosterrazu Elizagoien (Ituren)
  • Saats Karasatorre Martinez (Etxarri Aranatz)

 

Arkaitz Goikoetxea, Joseba Beltza eta Saioa Mitxelena izango dira epaile bi aurrekanporaketetan, eta haiena izango da bertsolarien jarduna epaitzeko ardura. Hain justu, ondorengo lanak egin beharko dituzte bertsolariek: 

Zortziko handian binaka hiruna bertso osatu arte
Zortziko txikian binaka hiruna bertso osatu arte
Hamarreko txikian binaka hiruna bertso osatu arte
Kartzelako lana:
            Zortziko txikian bi punturi erantzun
            Gaia emanda bakarka bi bertso

Nafarroako Bertsozale Elkarteak urtarrila bukaera aldera aurkeztuko du 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa, behin aurrekanporaketak pasa eta bertsolarien zerrenda zehaztuta. Orduan jakinaraziko da txapelketari dagokion informazio osoa.

2017ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako aurrekanporaketaren irudi bat, Iruñeko Katakrak aretoan.