Nafarroa

Nafarroako gazteen Bertso Eskolen Eguna ospatuko da igandean

2015/05/21
Klaseko jarduna osatzeko helburuarekin eta ikasleen elkar-ezagutza handitzeko xedez egingo da topaketa, Lesakako Kultur Etxean.

Urtero bezala, ikasturte amaierarekin batera Nafarroako gazteen Bertso Eskolek beren eguna ospatuko dute. Maiatzaren 24an Lesakan egingo den festa honek, 10-15 urte bitarteko ikasleak bilduko ditu, goiz eta arratsaldeko egitarau baten bueltan.

12:00etan hasita, bertso-eskola bakoitzaren agurrek emango diote hasiera ekitaldiari. Ondoren, gaztetxoak protagonistak izango dituen bertso-saioa burutuko da, klasean ohikoan lantzen dituzten ariketekin. Goizeko tarteari amaiera emateko berriz, Nafarroako Bertsopaper Lehiaketako sari banaketa egingo da. Arratsaldean, bertsogintzarekin lotutako pista-jolasak itxiko du egitaraua.

Gaur egun,18 urtetik beherako 170 ikaslek lantzen dute bertsolaritza eskola orduz kanpo. Astean behingo maiztasunez, bertsogintzaren oinarriak eta irakaspenak jasotzearekin batera, ahozkotasuna eta gaitasun komunikatiboak garatzen dituzte besteak beste, transmisio bide den giro ludiko batean.