Nafarroa

Nafarroako Bertsolari Txapelketan izena emateko epea, zabalik

2018/10/02
2019an Nafarroako Bertsolari Txapelketaren edizio berri bat ailegatuko da, ohi bezala urtearen lehen hilabeteotan. Nafarroako Bertsozale Elkarteak ireki du txapelketan izena emateko epea, urriaren 10era arte luzatuko dena.

Hurrengo urteko lehenengo hilabeteetan jokatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 44. edizioa. Nafarroako Bertsolari Elkartea da ekimen honen antolatzailea eta dagoeneko zabaldu du txapelketan izena emateko epea, urriaren 10ean itxiko dena.

2001. urtean edo lehenago jaio diren Nafarroako bertsolariek izango dute Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartzeko aukera. Izen-ematea e-postaz edo telefonoz egiten ahal da.

Azken urteotan bezala, lehen aldiz parte hartuko duten bertsolariek sailkatze saio bat jokatu beharko dute udazkenean. Nafarroako Bertsolari Txapelketaren inguruko gainerako xehetasunak hurrengo asteotan ezagutaraziko ditu talde antolatzaileak.

 

Duela bi urteko txapelketako finala Iruñeko Anaitasunan jokatu zen.