Nafarroa

Martxan da Iruñeko I. Bertsopaper Lehiaketa

2020/07/02
Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatuta, irailaren 30era arte izango da epea lanak aurkezteko, hiru kategoriatan. Orain arte, Iruñeko Egile Berrien Lehiaketaren barruko modalitatea zen bertsopaperena; aurrerantzean, lehiaketa propioa izanen du bertso idatzien sorkuntzak.

Urte luzeetan, Iruñeko Egile Berrien Lehiaketa barruko modalitateetako bat izan da bertsopaperena. Aurrerantzean, ordea, lehiaketa propioa izanen du bertso idatzien sorkuntzak. Martxan da, izan ere, Iruñeko I. Bertsopaper Lehiaketa. Irailaren 30era arte izango da epea lanak aurkezteko.

Sariketa berriak nobedade batzuk ere badakartza. Hiru modalitatetan aurkeztu ahal izango dira lanak: lehenengoan, 2007an edo ondoren jaiotakoek aurkeztu ahal izango dituzte lanak (bi bertso gutxienez, eta lau gehienez). Bigarrena, 2003 eta 2006 urteen artean (biak barne) jaiotakoentzat izanen da, eta 4 bertso gutxienez eta 8 gehienez aurkeztu ahal izanen dituzte parte hartzaileek. Hirugarrena, helduen kategoria da: 2002an edo lehenago jaiotakoek hartu ahalko dute parte, gutxienez 12 bertso eta gehienez 20 aurkeztuta (eta horiek denek, nolabaiteko batasuna osatuta). Azken kategoria honetan, lan bakarra aurkeztu ahalko du parte hartzaile bakoitzak; beste bietan, hiru gehienez. Aurkeztutako lan guztiek neurri eta doinu librea izango dute, eta jatorrizkoak zein argitaratugabeak izan beharko dira. Ezinbestekoa izango da doinua zehaztea.

Kategoria bakoitzak sari ezberdinak izango ditu. Lehenengoan, 50 eta 150 euro arteko kultur bonoak oparituko dira. Bigarrenean, 150 eta 350 euro arteko diru-sariak. Eta hirugarrenean, 500 eta 1.500 euro artekoak. Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak, gainera, helduen kategorian lehen saria eskuratzen duen obran oinarrituta ikuskizun edo emanaldi bat ekoizteko eskubidea gordeko dute, interesekoa suertatzen bada.

Irailaren 30ean bukatuko da epea lanak aurkezteko. Iruñeko Udalaren Kultur Sailaren webgunearen bitartez aurkeztuko dira lanak. Hor kontsultatu daitezke lehiaketaren oinarri osoak ere.