Nafarroa

Maiatzaren 26an eta ekainaren 2an jokatuko dira Nafarroako Bertsolari Txapelketako aurrekanporaketak

2023/05/08
Larraunen eginen da lehen saioa, maiatzaren 26an, eta Etxaurin bigarrena, ekainaren 2an. 12 bertsolarik hartuko dute parte, aurreko txapelketan aritu ez zirenak. Horietatik, zazpi sailkatuko dira urrian hasiko den txapelketara.

Urriaren 7an abiatuko da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa, abenduaren 2ra bitarte luzatuko dena. Horren aurretik, ordea, bi aurrekanporaketa saio jokatuko dira, txapelketan parte hartuko duten bertsolarien zerrenda osatzeko. Maiatzaren 26an Larraunen, eta ekainaren 2an Etxaurin jokatuko dira bi saio horiek, eta 12 bertsolarik hartuko dute parte guztira.

Txapelketako araudiaren arabera, azken ekitaldian -2021ekoan- parte hartu zuten bertsolariek bakarrik dute bermatuta txapelketarako txartela. Sekula parte hartu ez dutenek, edota 2021koa baino lehenagoko edizioren batean parte hartutakoek, aurrekanporaketa fasea jokatu beharko dute, txapelketara sailkatzeko. Saioak osatzeko, azken txapelketako azken hiru sailkatuak ere batu zaizkie guzti horiei. Gauzak horrela, 17 bertsolari dira dagoeneko urrian hasiko den txapelketarako sailkatuta daudenak, eta 12 aurrekanporaketak jokatuko dituztenak. Azken horietatik zazpik lortuko dute sailkapen txartela -saioetako irabazleak, eta puntuazioaren araberako lehen bostak-, eta beraz, 24 bertsolarirekin abiatuko da txapelketa urrian. Aimar Sagastibeltza, Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria eta Joseba Beltza ariko dira epaile lanetan aurrekanporaketetan.

Aurrekanporaketa saioetarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke (5 eurotan arruntak, 4 eurotan bazkideenak, eta 3 eurotan 18 urtetik beherakoenak). Larraungo eta Etxauriko Udalak egitasmoaren laguntzaile dira. Hauexek dira bi saio horien xehetasunak:

LARRAUN. Gabari gune irekia (Larraungo udaletxea). Maiatzak 26, ostirala, 18:30ean
Beñat Astiz Isasi

Etxahun Azkarraga Fernandez
Fernando Ziganda Urdanpilleta
Mintxo Astiz Goñi
Peio Ardaiz Gale
Urko Gartzia Aleman

Gai-jartzailea: Alaitz Rekondo Ferrero

ETXAURI. Udaletxeko aretoa. Ekainak 2, ostirala, 18:30ean
Ainara Ieregi Aranburu
Aitor Irastortza Arrizurieta
Bittori Elizalde Soto
Egoitz Gorosterrazu Elizagoien
Eki Mateorena Zozaia
Saats Karasatorre Martinez

Gai-jartzailea: Ander Aranburu Arriola

2021eko txapelketako aurrekanporaketetako argazki bat, Iruritan.