Nafarroako Bertsozale Elkartea

Twitter Facebook

Nafarroa

Beñat Astizek irabazi du 2021eko Nafarroako Eskolartekoa

2021/05/29
Lesakan jokatu da Nafarroako Eskolarteko Txapelketaren 35. edizioa, Nafarroako Bertso Eskolen Egunaren baitan. 11 bertsolari gaztek hartu dute parte txapelketan, eta horietatik, Barañaingo Beñat Astizek jantzi du txapela. Txapeldunorde, berriz, Eki Mateorena izan da. Biak izanen dira Nafarroako ordezkari Euskal Herriko Eskolartekoan.

Lesakako Harriondoa Kultur Etxean jokatu da 35. Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa, herri horretan bertan ospatu den Nafarroako Bertso Eskolen Egunaren baitan. 11 bertsolarik hartu dute parte txapelketan, ondorengoek: Ainhoa Arrizabalaga Sanchez (Iruñea), Amaiur Goñi Elortza (Bera), Beñat Astiz Isasi (Barañain), Bittori Elizalde Soto (Iruñea), Eki Mateorena Zozaia (Leitza), Etxahun Azkarraga Fernandez (Etxalar), Harriet Artieda Diez (Etxarri-Aranatz), Iraia Agirre Azkarate (Altsasu), Larraitz Goikoetxea Zuriarrain (Altsasu), Oinatz Zelaia Gorrotxategi (Bakaiku) eta Olatz Bados Ganuza (Altsasu). Ainhoa Larretxeak aurkeztu du saioa, eta Aimar Sagastibeltza, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelena aritu dira epaile lanetan. 

Lau oinak emanda, azken puntua emanda, hitz bana emanda eta gai orokorra emanda bertso bana kantatu ostean, lau bertsolari pasa dira bigarren fasera: Beñat Astiz, Bittori Elizalde, Eki Mateorena eta Etxahun Azkarraga. Bigarren fase honetan, zortziko handian ofizioan aritu dira lau bertsolariak. Ostean, kartzelako ariketan, puntu banari erantzun diote, eta azkenik, gaia emanda, bakarka aritu dira, bertso bana kantatuta. 

Azkenean, Beñat Astizek bildu du puntu gehien, eta horrenbestez, bera da Nafarroako Eskolarteko txapelduna. Berak eta txapeldunordeak, Eki Mateorenak, ordezkatuko dute Nafarroa Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan. 

Bertsolari barañaindarrak Iban Garro Bortzirietako Bertso Eskolako kidearen eskutik jaso du txapela. Beste sari bat ere izan da Nafarroako Eskolarteko Txapelketan, publikoarena. Kasu honetan, Eki Mateorenak irabazi du sari hori. Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak eman dio garaikurra. 

Bertso Eskolen Egunaren baitan

Nafarroako Bertso Eskolen Egunaren barruan ospatu da Eskolarteko Txapelketa. Iaz bertan behera utzi zen ospakizuna, Covid-19aren pandemiaren ondorioz, baina aurten berriz egin da, osasun neurri guztiak bermatuta. Nafarroako haur eta gaztetxoen Bertso Eskoletako 50 lagun inguru elkartu dira Lesakan, eta egun osoko egitarauaz gozatu dute. 

Eskolartekoko hamaika bertsolariak, saioa bukatutakoan.