Nafarroa

Bertsolaritza Kultur Intereseko Ondasun izendatuko du Nafarroako Gobernuak

2017/09/19
Ondare materiagabe gisara, babes mailarik gorena jasoko du bertsolaritzak herrialdean. Nafarroako Bertsozale Elkarteak egin zuen izendapenerako eskaera, eta hura gauzatzeko tramiteak abiatu ditu Nafarroako Gobernuak.

Nafarroako Gobernuak bidea ireki du bertsolaritza Kultur Intereseko Ondasun izendatua izan dadin, ondare materiagabe gisara. Modu horretara, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko Foru Legean adierazitako babes maila gorena jasoko du bertsolaritzak. Hala, egun Lantzeko inauteriek, Ituren eta Zubietako inauteriek, Hiru Behien Zergak, Luzaideko Bolantek eta Cortesko makil dantzak osatzen duten zerrendara gehituko da bertsolaritza. 

Nafarroako Bertsozale Elkarteak urte hasieran egin zuen izendapenerako eskaera, bertsolaritzak herrialdean izan duen eta duen presentziari buruzko informazio xehatua aurkeztuz. Txosten horretan, bertsolaritzaren alderdi historiko eta etnografikoak, errotze maila eta komunitateen parte-hartzea, bilakaera eta transmisio moduak azaldu zituen Elkarteak.

Espedientea, gainera, Nafarroako Kultura Ondare Inmaterialaren Artxiboko zuzendari teknikoa eta etnolinguista den Alfredo Asiain Ansorenaren txosten batekin osatu da.

Nafarroako Gobernuak izendapenaren berri emateko kaleratutako oharraren arabera, "Nafarroan ongien gorde den eta azpimagarriena den errepentismoa" da bertsolaritza. Orain, izendapenaren bitartez, berau babesteko neurriak jarriko ditu martxan administrazioak, bertsolaritzaren "fosilizazioa, autonomia galera eta lehiaketa eta ikuskizun testuinguruen gehiegizko nagusitasuna" saihesteko. 

Jendaurreko argibideak eta Nafarroako Kultura Kontseiluak prestaturiko txostenaren tramiteak behin bukatuta sartuko da indarrean neurria, aurtengo udazkenean bertan. 

 

Nafarroako Gobernuaren arabera, "Nafarroan ongien gorde den eta azpimagarriena den" bat-bateko kultur adierazpena da bertsolaritza.