Nafarroa

Bertsolaritza ikastetxeetan lantzen jarraitzeko kontratua sinatu dute NBEk eta Nafarroako Gobernuak

2020/03/16
Urteetako lankidetzari jarraipena ematea adostu dute Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak. Kontratuaren ondorioz, Nafarroa osoko 58 ikastetxetan emango da bertsolaritza 2020. urtean zehar.

1986tik dago martxan Bertsolaritza Irakaskuntzan programa Nafarroan, herrialdeko ikastetxeetan bertsolaritzaren oinarrizko edukiak lantzeko helburu duen egitasmoa. Nafarroako Bertsozale Elkarteak eskaintzen du, bere bertsolari eta irakasle espezialisten bitartez, Nafarroako Gobernuak (hainbat udal eta mankomunitateez gain) diruz lagunduta. Lankidetza horri jarraipena ematea adostu berri dute NBEk eta Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak, kontratu berria sinatuta. Pasa den astean sinatu zuten, Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren egoitzan, Iruñean. Han izan ziren Carlos Gimeno Nafarroako Hezkuntza Kontseilaria eta Gil Sevillano Hezkuntza Zuzendari Nagusia, bai eta Ander Perez, Nafarroako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea ere.

Kontratu berriaren arabera, 2020. urtean zehar Nafarroako 58 ikastetxetan izango da programa; hain zuzen ere, egitasmoa gutxienez 125 ikastaldetan lantzeko konpromisoa hartzen du NBEk, gutxienez 11 ikastorduko programatan. Modu horretan, Nafarroako D ereduetako ikastetxe gehienetan (eta B ereduko gutxi batzuetan) izango da presente bertsolaritza, urteetako esperientzia duen eta frogatutako emaitzak eman dituen egitasmoaren bitartez.

Bertsolaritza Irakaskuntzan hezkuntza programak bertsolaritzaren oinarriak lantzea du helburu, bertsogintzaren ezaugarriak irakatsiz eta euskal literaturan ahozko tradizioa ezagutaraziz. Zeharka, dena dela, beste hainbat eduki ere lantzen ditu. Hain zuen ere, ikasleengan euskarazko komunikazioa eta hitz-jarioa hobetzea, hizkuntzaren alderdi ludikoa garatzea, sormena bultzatzea edota norberarenganako konfiantza eta segurtasuna sustatzea dira lantzen diren beste trebetasunetako batzuk.

 

Gil Sevillano Hezkuntza zuzendari nagusia, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilaria eta Ander Perez NBEko koordinatzailea, pasa den astean, hitzarmenaren sinadura ekitaldian.