Nafarroa

Bautista Madariaga bertsolaria hil da

2018/06/28
Bautista Madariaga Elizondo bertsolari aranaztarra hil da. 1926an jaioa, iragan mendeko 60ko eta 70eko hamarkadetan Nafarroako bertsolaritzaren zutabeetako bat izan zen, Xalbador anaiarekin batera. 1961eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa irabazi zuen.

Bautista Madariaga bertsolari aranaztarra hil da. 1926an jaio zen Arantzan eta etxeko giroan bertsozaletu zen, aitona ere bertsolaria baitzen. 22 urte zituela, 1948an, lehenengo plaza egin zuen, Ostolaitz lagun zuela.

Hortik aurrera, plazaz plaza ibili eta, Xalbador anaiarekin batera, 60ko eta 70eko hamarkadetako Nafarroako bertsolaritzaren zutabeetako bat izan zen. Nafarroako Bertsolari Txapelketa irabazi zuen 1961ean eta 1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusian finalista izan zen. 90eko hamarkada arte segitu zuen Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartzen.

1988. urtean Madariaga anaiek omenaldia jaso zuten, urtarrilaren 17an Donostian egin zen Bertsolari Egunaren barruan.

Hileta elizkizuna bihar egingo dute 18:00etan, Arantzan.

Bautista Madariaga, 1988ko Bertsolari Egunean. Argazkilaria: Juantxo Egaña. Iturria: XDZ