Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Maila bikaineko saioak bigarren faseko bigarren asteburuan

2017/04/05
Billabonan, Oreretan eta Ereñotzun ospatu dira bigarren asteburuko hiru saioak.

Billabonako gaztetxean jokatu zen Am…ona eta Txingudi 2 taldeen arteko saioa, 80 entzuleren aurreran. Oso giro ona eta gertukoa izan zen, batez ere bukaera aldera giroa berotzeko aukera izan zen ariketa ezberdinak medio. Hasieratik animatu eta txalotu zituzten bertsolariak gaztetxera hurbildutako entzuleek, eta orohar saio txukuna eta bizia joan zen. Entzuleen artean umeak, gazteak eta helduak egon ziren, eta ohiko bertso jaialdietara hurbiltzen ez den jendea erakarri zuen beste behin Herriartekoak berea duen formatuak. Ordubete pasatxoko saioa izan zen eta azkenean puntuazioa 13-11geratu zen etxeko taldearen alde.

Ostiralean izan zen Oreretako Sindikato tabernan bertako Xenpelar eta Alegiako 7 astoren gainean taldeen artekoa. Xenpelarretik Aitor Albistur, Haritz Casabal eta Xamoa aritu ziren, Alegiarren ordezkari berriz, Mikel Artola, Iñaki Artola eta Imanol Irazustabarrena. Taberna beteta eginiko saio honetan Xenpelarrek 14 puntu lortu zituen, 7 astoren gaineanek aldiz, 10.

Ereñotzu eta Txinparta I taldeak giro bikainean aritu ziren  Ereñotzuko Ur-Mia elkartean 50 bat lagunen aurrean. Bertsotan etxeko taldetik Iñaki Zelaia, Arnaitz Lasarte eta Aritz Zerain aritu ziren eta Urko Egaña, Andoni Goitia eta Joseba Lasagabaster Oñatitik. Mikel Peruarenak egin zituen gai jartzaile lanak eta Julen Iriondo, Unai Erroitzenea eta Amaia Otxotorena aritu ziren epaile lanetan. Ofiziotan bizi ekin zioten saioari bertsolariek eta pertsonaia asmatu beharreko ariketan, Maialen Lujanbio eta Ruper Ordorikak joko handia eman zuten. Azkenean 15 puntu eskuratu zituzten etxekoek eta 9 Oñatiarrek.