Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Gipuzkoako Herriartekoko finalerdiak erabakita geratu dira

2017/04/11
Azkoitian, Gabirian, Urretxun, Hondarribian, Abaltzisketan eta Oñatin jokatu dira bigarren faseko azken saioak, eta Erniarraitz 1, Karidadeko benta, Am...ona eta Osinalde taldeak pasa dira finalerdietara.

Azkoitiko Tintoreixen jokatu zen Erniarraitz 1 eta Xenpelar taldeen arteko saioa. Elkartea jendez beteta giro goxoa egon zen, bai afalorduan eta baita saioan ere. Oreretatik Haritz Casabal, Aitor Albistur eta Arkaitz Oiarzabal “Xamoa” izan ziren kantuan, etxeko taldetik berriz, Jokin Uranga, Leire Ostolaza eta Haritz Etxeberria “Ministro”. Gai jartzaile lanetan Gurutze Oiarzabal aritu zen. Nabari zen faseko azken saioa zutela bi taldeek, eta entzuleek ere oso ondo erantzun zuten, ez zen animorik falta izan. Azkenean, 3 epailek hala erabakita 13-11 izan zen emaitza Erniarraitzen alde.

Saio bizia eta umoretsua izan zen Osinalden bertako eta Orioko Sarri nahi genuen eta Habana etorri zaigu taldeen artekoa. Nabarmen geratu zen bi taldeen artean sortu zen giro ona, eta horrek asko lagundu zuen saioaren osaketan. Publikoa ere bero eta bertsoak entzuteko gogoz zen, eta azkenean baten batek behar eta osinalde taldea nagusitu zen, 16-8 emaitzarekin.

Larunbatean Hondarribiko Olagarro Elkartean jokatu zen Txingudi 2 eta 26+ taldeen arteko saioa. Saio ederra eta giro paregabea izan ziren mahai bueltan. Azkenik etxeko taldearentzat izan zen saioa 14 eta 10eko emaitzarekin.

Igande iluntzean jokatu zen Urretxuko Osaba tabernan Urretxu-Zumarragako Simimimisol eta Gabiriako Osinalde taldeen arteko saioa. Berrogei bat bertsozale izan ziren saioa jarraitu zutenak, arreta eta interes handiz, bai gabiarrak eta baita herritarrak ere. Kantuan Gorka Azkarate, Mikel Iturriotz eta Maialen Akizu aritu ziren etxekoen partetik eta Gorka Maiz, Aratz Igartzabal eta Endika Igartzabal gabiriarren taldean. Sara Bidarte aritu zen gai jartzaile lanetan eta Asier Oliveira, Beñat Torres eta Jokin Murua izan ziren epaileak. Saioak izan zituen bertso eta ateraldi politak eta pertsonaiak asmatu beharreko ariketan irribarrez jarri zituzten entzuleak zenbait unetan. Amaieran, 14 puntu lortu zituen Simimimisol taldeak eta 10 Gabiriako Osinaldek.

Oñatiko Araotzen ospatu zen Txinparta 1 eta Karidadeko benta taldeen artekoa. Bazkaltzen 52 lagun bildu ziren eta saioa entzuteko beste batzuk hurbildu ziren. Bazkalostean 5ak aldera ekin zion saioak eta bixi bixi joan zen ordu eta laurden inguruko saioa bete arte. Oñatitik Andoni, Joseba eta urko aritu ziren kantuan, eta Zizurkil-Asteasutik Unai, Joseba eta Haritz. Gai jartzaile lanetan Mirari eta epaileak Julen, Nerea eta Ion. Emaitzak zazpi puntu eman zizkion Txinparta taldeari, eta hemezazpi Karidadeko bentari. Tarte haundia bada puntuaketan ere, ale bikainak eta ofiziokako lan onak eskaini zituzten talde biek, ala baina, lan askotan puntu bat gainetik ibili zen Asteasu-Zizurkilgo taldea eta horra bukaerako emaitzaren diferentzia.

70 lagun inguru bildu ziren Zalbide sagardotegian, eta txotx artean giro onean ospatu zen Tolosaldeko 26+ eta Am…ona taldeen arteko derbia. Sagardotegiko menuak eta sagardoak emandako indarrarekin jendeari hasieran isiltzea kosta bazitzaion ere saio ona egitea lortu zuten Amaia Agirrek, Ander Goikoetxeak, Beñat Iguaranek, Iñigo Gorostarzuk, Adur Gorostidik eta Txomin Azpirozek Oier Urkolaren agindutara. Azken emaitza 18 eta 6, Am…onakoen alde izan zen.

Behin bi faseak amaituta, erabakita geratu dira bi finalerdiak:

Maiatzak 6, larunbata, Alegian: Karidadeko benta-Erniarraitz 1.

Maiatzak 13, larunbata, Bergaran: Osinalde-Am...ona