Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Gipuzkoa

Larunbatean jokatuko da Elgoibarren laugarren final zortzirenekoa

2015/09/30
Saio bakarra izango du asteburu honetan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak. Larunbatean Elgoibarko Herriko Antzokian jokatuko da laugarren final zortzirena, 17:30etan hasita. Manu Goiogana, Unai Muñoa, Oihana Iguaran, Iñigo Gorostarzu, Iban Urdangarin eta Manex Mujika izango dira oholtzara igoko diren bertsolariak. Ohi bezala, sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean.

Elgoibarko Herriko Antzokian Manu Goiogana, Unai Muñoa, Oihana Iguaran, Iñigo Gorostarzu, Iban Urdangarin eta Manex Mujika ariko dira bertsotan. Ion Zaldua izango da 17:30ean hasiko den saioko aurkezlea.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako laugarren final zortzireneko saioa da Elgoibarren jokatuko dena eta bertan irabazten duen bertsolariak final laurdenetarako zuzeneko sailkatzea lortuko du. Hain zuzen ere, urriaren 8an Eskoriatzan jokatuko den final laurdenetara egingo du, Unai Agirre, Lasarte-Oriako saioan irabazi zuen Beñat Lizaso, eta puntuazioaren arabera sailkatuko diren beste hiru bertsolarirekin.

Fase honetako saio guztietan bezala, honako lana egin beharko dute bertsolariek:

  • Binaka, gaia emanda, zortziko handian hiruna bertso.
  • Binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso.
  • Bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian bina bertso.
  • Binaka, gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso.
  • Kartzelako lana: Bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

Saiorako sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean daude salgai. Gaztetxoen sarrera 4 euroan da, Bertsozale Elkarteko bazkideena 6 euroan, eta gainerakoena 9 euroan. Saioetako egunenan sarrerak aretoetako leihatilan 16:00etatik aurrera jarriko dira salgai.

Larunbatean oholtzara igoko diren bertsolariak.