VII. BEE - Legazpi (2011)

Gipuzkoako Bertso Eskolen VII. Eguna 2011ko apirilaren 10ean ospatu zen, Legazpin (Goierri). Aurrez, gure trenak geldialdia egina zuen Villabonan (Tolosaldea), Oiartzunen (Oarsoaldea), Oñatin (Debagoiena), Usurbilen (Buruntzaldea), Azkoitian (Urola-Kosta) eta Eibarren (Debarrena).

DSC_0296.JPG

Helburua, urtero bezala, Gipuzkoako Bertso Eskolen arteko harremanak sendotzea eta elkar ezagutzea izan zen. Era berean, urtean zehar egiten den lana ere gogoratu nahi izan genuen egun horretan.

Egunaren antolaketa lanetan herriko hainbat taldek egin zuten bat Gipuzkoako Bertsozale Elkartearekin: Legazpiko Bertso Olariak, Legazpiko Batukada, Goiz-Deia txistulari taldea, Sustraiak dantza taldea, Korosti dantza taldea, Doinua musika eskola eta Legazpiko trikitilari gazteak.

Gipuzkoa osoan ,110 bertso eskola inguru daude, eta haietatik 71 haurren bertso eskolak dira. Gutxi gorabehera, bertso eskolen erdiek hartu zuten parte ospakizunean. Guztira, 400 haur eta gaztetxo elkartu ziren Legazpin.

Egun osoko jaia izan zen Legazpin apirilaren 10ean. Eguraldia ez zen lagun izan eta ekitaldi gehienak estalpean egin ziren. Goizeko 10:30ean iritsi ziren Gipuzkoako txoko guztietako haur eta gaztetxoak, eta Bertso Eskolen Egunerako diseinatutako nikiak banatu ziren. Ondoren, taldeko argazkia atera zen Legazpiko plazan. Korosti eta Sustraiak dantza taldeek ongietorriko aurreskua dantzatu zuten.

11:15 aldera taldeko jolasari ekin genion. Parte hartzaileak bi zirkuitutan banatu ziren, eta bakoitzean zazpi jolas zeuden.

Ondoren, kalejira egin genuen Legazpiko kaleetan. Bidean, lagun izan genituen Legazpiko Batukada, Doinua Musika Eskola eta Legazpiko Bertso Olariak.

13:30ean bazkaldu genuen, eta, ondoren, zezenak eta ponyeak izan genituen Legazpiko plazan, Legazpiko trikitilari gazteek alaituta.

Arratsaldean, berriz, ikuskizuna izan zen Legazpiko Urbeltz pilotalekuan. Mikel Pagadi eta Jon Iraolaren gidaritzapean, Korosti eta Sustraiak dantza taldeen saioa izan genuen, eta bertsolari adituen naiz hasiberrien saioak ere izan ziren.

18:00 aldera amaitu zen Bertso Eskolen VII. Eguna, eta hurrengo urtera arte agurtu ginen.