VI. BEE - Eibar (2010)

Gipuzkoako Bertso Eskolen VI. eguna ospatu genuen 2010eko apirilaren 25ean Eibarren. Besteak beste Gipuzkoako Bertsozale Elkartea eta Gipuzkoako Bertso Eskolen Sareak beste urte batez abian jarri zuen egun honek, aurten inoiz baino laguntzaile gehiago izan ditu. Egitaraua osatzeko orduan erraztasunak besterik ez ditugu izan Eibarreko Bertso Eskola, Euskara eta Kultur elkarteek emandako erantzunarekin, halaber Udalaren jarrera ona eta uneoro eskainitako prestutasuna ezin bestekoak izan dira egunaren funtzionamendu ona bermatu ahal izateko.

2010-A.jpg

Goizeko 10:30etik aurrera, Gipuzkoa osoko bertso eskoletako neska-mutilok bat egin genuen Eibarreko Untzaga plazan, udaletxearen aurrealdean. Egunaren nondik norakoak azaltzeko begiraleen bilera labur bat egin genuen, eta martxan jarri ginen.

Musikaz girotutako plazan, 400 bat neska-mutikori ongietorria egin zitzaien. Une horretan, propio egun horretarako Mirari Sagarzazuk diseinatutako marrazkiarekin edertutako kamisetak banatu genituen.

Eguraldia lagun izan genuen egun guztian zehar; une batzuetan beroegi egin zuen, agian, baina giro ederrenean ospatu genuen eguna.