Sagardoak Aburuzan elkartuko gaitu

2021/07/05
Pasa den astean aurkeztutako Sagardoak Elkartzen Gaitu egitasmoko lehen bertso saioa ostiralean izango da. Sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus eta www.sagardoa.eus atarietan.

Andoni Mujika, Ane Beloki, Ane Zuazubiskar eta Maialen Akizu ariko dira bertsotan ostiralean Adunako Aburuza sagardotegian. 19:00etan izango da saioa.

Pasa den astean Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, Musika Bulegoak eta Bertsozale Elkarteak aurkeztutako Sagardoak Elkartzen Gaitu ekimenaren baitako lehen saioa izango da hau. Programatutako bertso saio eta musika emanaldi hauetan gazte talentuari egin nahi zaio tokia. Ostiral honetakoaz gainera, uztailaren 16an Hernaniko Iparragirre sagardotegian eta uztailaren 23an Astigarragako Astarbe sagardotegian izango dira saioak.

Bertso saioetako sarrerak www.sagardoa.eus eta www.bertsosarrerak.eus atarietan daude eskuragai. Bi sarrera mota daude: 15 eurokoaren truke, sagardo tragoa, pintxoa eta saioa bera, eta 39 eurokoak hori guztia eta afaria hartzen ditu bere baitan.