Ikasturte bukaera Gipuzkoako bertso eskoletan

2021/06/24
Ez ohiko ikasturtea izan da aurtengoa bertso eskoletan ere, baina topaketen bidez bukaera ederra eman zaie.

Ez ohiko ikasturtea izan den arren Gipuzkoako hainbat herritan izan dira martxan bertso eskolak urtero bezala. Neurriak neurri beste urte batez gozatu ederra hartu dute bertso eskoletan elkartu diren ehundaka ikaslek.

Covid-aren egoera dela eta ez da antolatu herrialde mailako Bertso Eskolen Egunik edo gazteen asteburu pasarik, baina hainbat eskualdetan antolatu diren ekintzei esker gaztetxoek izan dute elkar ezagutzeko eta jendaurrean kantatzeko aukera.

Egun pasak, arratsalde pasak… modu desberdinetako topaketak antolatu dira Debagoienan, Urola Kostan, Buruntzaldean, Tolosaldean, Urolan eta Goierrin. Topaketa horietan bertso eskoletako irakasleek prestatutako jolasetan parte hartzeaz gain bertsolarien bisitak ere jaso dituzte, eta nola ez, gaztetxoek eurekin kantatzeko aukera izan dute.

Ikasturte arraroa izan den arren modu eder batean agurtu dira bertso eskolak datorren irailera arte.