Gipuzkoa

Giro ederra izan zen Gipuzkoako Bertso Eskolen Egunean

2018/05/10
Joan den igandean ospatu zen 2018ko Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna, Tolosan. Eguraldi eta giro ederrarekin gozatu zuten ehun gaztetxo inguruk.

Intujai Teatroko kide umoretsuek egin zieten harrera, igandean, Tolosara gerturatu ziren Gipuzkoako hainbat bertso eskoletako kideei. Haiekin jolas eta irri egin ondoren, kamiseta berdeak soinean, kale jira egin zuten. Bonberenea Txarangak alaitu zuen kalejira eta herriko alde zaharrean zehar hainbat geldialdi egin zituzten. Lehenik, Unai Ormaetxeak haien egunerokoari lotutako monologoa eskaini zien. Segidan, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Unai Mendizabal bertsolariek libreko saioa egin zuten. Hirugarren geldialdan, Maddalen Arzallus bertsolariak hainbat bertso ezagun kantatu zizkien, gitarra lagun. Eta, amaitzeko, hiru bertsolariek saiotxoa egin zuten, gai dibertigarriei erantzunez.

 

Bazkaltzen indarrak berrituta, lau taldetan banatu ziren gaztetxoak. Oholtza atontzeko eskulanak, bat-bateko bertsogintza, bertso musikatuak eta antzerkia landu zituzten ordu eta erdiz. Eta, egunari amaiera emateko, taller horietan landutakoa azaldu zuten, ordubete inguru iraun zuen emanaldian. Primeran aritu ziren Zerkausiako oholtzan.