Finala zuzenean jarraitzeko hamaika aukera

2019/12/13
Hainbat hedabidek egingo dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaren jarraipena: Bertsozale Elkarteko www.bertsoa.eus webgunean ere eskainiko da emankizuna.

Ikus-entzule arruntak ez ezik, hainbat hedabidetako kazetariak Illunben izango dira lanean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala jarraitzeko, eta bertatik bertara ez dauden zaleei han gertatzen direnak helarazteko.

ETB4 katean jarraitu ahal izango da zuzenean finala, 16:55ean hasita: Ilaski Serrano aurkezle lanetan dela, Martin Aramendi aditua izango du aldamenean iritzi-emaile. ETB1ek gaueko albistegien ondoren egingo du bat finalarekin.

Internet bidez ere jarraitu ahal izango da: www.eitb.eus atariaz gainera, Bertsozale Elkarteko www.bertsoa.eus webgunean ere eskainiko da.

Irratiari dagokionez, Naiz irratiak eskainiko du: 16:30ean hasita, Oihane Enbeitak Ander Lizarralde bertsolaria izango du lagun emankizunean. FMan eta Interneten entzun ahal izango da.

Beste komunikabide batzuk ere izango dira Illunben, eta haien lanak ere finalean gertatzen denaren berri emango digute berehalakoan zein hurrengo egunetan, sarean, telebistan, irratian zein prentsan.

Bestalde, gogoratu aste honetako Hitzetik Hortzeran ere finaleko bertsoaldiak, protagonisten hitzak eta oholtzan zein oholtzatik kanpo gertatzen direnak jasoko direla: igandean, 15:00etan, ETB1en.

Finala bertatik bertara jarraitu nahi dutenek oraindik badute sarrerak erosteko aukera: www.bertsosarrerak.eus atarian izango dira eskuragai larunbateko 13:00ak arte.

Gozatu finalaz!