Gipuzkoa

Bidaia bat Joxepa Antoniren bizitzan, larunbatean Errenterian

2014/10/07
Bertsolaritzari eskainiko dio asteburua Errenteriak (Gipuzkoa). Urriaren 10ean, ostiralarekin, Andoni Egañaren hitzaldia izango da. Xenpelar Etxean 19:00etan hasiko den hitzaldian eta Errenteriako bertsogintzaren gainean arituko da. Hurrengo egunean, urriaren 11n, Joxepa Antoni Aranberri “Xenpelar” bertsolariaren bizitza eta lana oinarri hartuta, Jokin Labayenek gidatuko duen ikuskizunean, Nerea Elustondo eta Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” bertsolariek hartuko dute parte. Igor Arruabarrena eta Eneko Sierra musikariak osatuko dute ikuskizuna.

Joxepa Antoni Aranberri Petriarena “Xenpelar” (1865-1943) Errenteriako herriko historian ezagutzen den emakume bertsolari bakarra da eta Euskal herrian ezagutzen den gutxitarikoa. Bere bizitza eta lana ardatz hartuta, urriaren 10 eta 11n ekitaldi bana egingo dira.

Urriaren 10ean, ostiralarekin, Andoni Egañaren hitzaldia izango da. Xenpelar Etxean 19:00etan hasiko den hitzaldian, Errenteriako bertsogintzaren gainean arituko da. Hurrengo egunean, urriaren 11n, Joxepa Antoni Aranberri “Xenpelar” bertsolariaren bizitza eta lana oinarri hartuta, Jokin Labayenek gidatuko duen ikuskizunean, Nerea Elustondo eta Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” bertsolariek hartuko dute parte. Igor Arruabarrena eta Eneko Sierra musikariak osatuko dute ikuskizuna.

Udaleko Berdintasunerako Kontseiluak Mariasun Landa sarien bitartez emakumeek egindako ekarpena berreskuratzeko ahaleginean ezagutu zuen Joxepa Antoni Aranberri “Xenpelar”. 2010ean “Emakumeei begiradarik onena” modalitateko saria irabazi zuen Iñigo Legorburuk “Joxepa Antoni Aranberri Xenpelarren itzalpean argi-izpi bat” idazlanari esker.

Lan honek Joxepa Antoni Aranberriren bizitzan gehiago sakontzeko grina piztu zuen. Horretarako, Udaletik Elixabete Perez Gaztelurengana (1961, Errenteria)  jo genuen, Deustuko Unibertsitateko Hizkuntzalaritzako irakaslea izateaz gain, herrikoa eta herriarekin konpromiso handia duen emakumea ere badelako.

Aurkezpen txiki batekin hasi zen ibilbidea ikerketa sakon batean amaitu zen eta Joxepa Antoni Aranberriren bizitzaren aztarna guztiak bildu zituen Perez Gazteluk  lan txukun batean.

Elixabete Perez Gazteluk egindako ikerketa pendrivetan jaso zen herritarren artean zabaltzeko eta Udaleko web gunean eskuragarri dago.

Lan hori oinarri hartuta, eta Aranberriren lana plazaratzeko asmoz, ikasleentzako sekuentzia didaktikoa sortu zuen pasa den ikasturtean Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak, Errenteriako Udalari esker. Errenteriako eskoletan 600 ikasle inguruk landu zuten Aranberriren bizitza, bertsolaritzari egindako ekarpena eta garai hartako emakumeen bizitzaren nondik norakoa.

Joxepa Antoni Aranberriren ibilbidea  zabaltzen jarraitzeko  asteburu oparoa antolatu du Errenteriako Berdintasunerako azpisailak, Berdintasunerako Kontseiluarekin, Xenpelar Bertso Eskolarekin eta Gipuzkoako Bertsozale Elkartearekin batera.

Ekitaldi honi hasiera emateko, urriaren 10ean, Andoni Egañaren hitzaldia izango da Errenteriako Xenpelar Etxean, 19:00etan. Egañak, Errenterian bertsolaritzak izan duen ibilbidea aztertuko du bertan.