Gernika-Lumoko saiorako ez da sarrerarik geratzen
Hazparnen abiatu zen Txapelketako trena, irailaren 19an. Ordutik, asteburuero herriz herri eta saioz saio, bertsozale ugari bildu dira. Hainbat saioetako sarrerak amaitu dira, tartean asteburu honetako finalaurrekokoak, Gernika-Lumokoak. Sarrerak bukatu direnez, online salmenta itxi egin da eta egunean bertan ez da txarteldegirik irekiko. Inzidentziak baino ez dira kudeatuko.
Txapelketak masa handia mugitzen du. Bertso-plaza guztien artean, ehuneko txikia baino ez du hartzen. Hori bai, oihartzun handiena duena da; erakusleihorik handiena. Horregatik biltzen du astez aste jendetza. Eta aukera hori baliatu nahi du Elkarteak bertsolaritza hedatzeko, transmititzeko. Izan ere, Txapelketa bertsozaletzeko amu eta atxikimendurako tresna da.
Horretaz gain, Txapelketa abagune aproposa da ere bertsozalea Elkartera batzeko. Izan ere, Elkartearen oinarri-oinarrian dago autoeraketa eta boluntariotza. Txapelketaren antolakuntzaren moldeen mami-mamian ere badago. Beraz, aukera bat da finalean laguntzeko izena-ematea; eta, saioez harago bertsolaritza egunero babestu nahi baduzu, bazkide egin zaitezke.
Gainerako saioetako sarrerak, salgai
Finalerako sarrerak ere amaitu dira, baina abenduaren 20ra bitarteko gainerako finalaurrekoetako sarrerak eskuragai daude oraindik bertsosarrerak.eus webgunean.
Txapelketara batuta, gainera, bertsolaritzari ez ezik Elkarteari ere ematen diozu arnasa. Lau urteko ziklo batean kokatzen da Txapelketa, eta udazkeneko loraldiak ondotik datozen urteetarako lur sendoa izaten laguntzen du.
Finalerako autobusak eta tiketak ere salmentan
Autobusei dagokienez, Aizpurua Autobusak taldearekin lankidetzan emango du Bertsozale Elkarteak finalera bertaratzeko zerbitzua. Sarrera erosterakoan, abiapuntua markatu beharko da. Antolakuntzak abenduaren 14an argitaratuko du abiapuntu bakoitzaren ordutegia. 20 euro balio du autobus txartelak, edozein tokitatik abiatzen dela ere. Autobusak 10:00ak aldera iristea aurreikusten da.
Nafarroako lineen kasuan, bertsosarrerak webgunetik kanpo webgune batera bideratuko da eroslea.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko kirol instalazioetan, bestalde, bazkariak eskainiko dira. Bi aukera eskainiko ditu Bertsozale Elkarteak:
- Eserita bazkaltzeko aukera: frontoian eskainiko da, 30 euroren truke.
- Jatordu azkarra: pabilioian eskainiko da, 18 euroren truke.
Bietan egongo da aukera haragijalea zein beganoa eta Euskal Herri osoko produktuekin osatutakoak izango dira.
