Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Finalaurrekoak zuzenean ikusi ahalko dira

2026/10/22
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren finalaurrekoak hasiko dira asteburuan. Hemendik aurrerako saioak aurrez aurre ikusteaz aparte, plataformetan eta telebistan jarraitzeko aukera izango da: bertsoa.eus webgunean, ETB ONen eta ETB 2 ON.

Fasez aldatuko da Txapelketa. Asteburuan, Larraun-Lekunberrin, finalaurrekoen lehenengo saioa izango da, 17:00etan hasita. Bertsozale Elkarteak saio bakoitza bateragune bat izatea nahi du, mezuan jasotzen den moduan, oholtza ez ezik, baita oholtzapea ere: «elkar ukitzen dute kolore desberdinetako pentsamolde eta pertsonek: izan antolakuntzan, izan entzule moduan. Hori du txapelketak eta Elkarteak, anitzen bateragunea dela». Gainera, Elkartea, eta ondorioz bertsolaritza, babesteko modu bat da saioetara joatea. Horregatik, Elkarteak, saioetara joatzeko deia egiten du.

Hala ere, beti ez da posible. Larraun-Lekunberriren kasuan, esaterako, arrazoi bakarra ez den arren, sarrerarik ez da geratzen. Hortaz, saiora joan ezin duten horiek Txapelketaz eta bertsoaz gozatzeko aukera eskainiko du Bertsozale Elkarteak. Hemendik aurrerako saioak zuzenean jarraitu ahalko dira ondorengo kanaletan:

  • Bertsoa.eus webgunean
  • ETB ON plataforman (aurrez Nahieran)
  • ETB 2 ON katean (lehengo ETB4)

Zuzeneko emanaldiaren gidaria Ilaski Serrano Urkidi izango da. Aitzol Barandiaran Munduate izango du bidelagun. Bikoa osatuta, saioz saio ibiliko dira finalaurrekoak zuzenean kontatzen.

Hedabideetan ere jarraipen estua

Horrez gain, hedabideek ere egingo diote jarraipena Txapelketari. Hedabide nazionaletan, BERRIAk orain arteko bidean jarraituko du, astez asteko jarraipena egiten izan idatzikoan ala ikus-entzunezkoetan. Jarraipenera batuko dira Argia, Gara eta Naiz. Orain arte Ipar Euskal Herriko saioetan Euskal Irratiek zuzeneko emisioak eman dituzte. Aurrerantzean, Naizekin arituko dira elkarlanean eta finalaurreko guztien emankizuna egingo dute.

Askotariko edukia izango da bertsozalearen eskura: BERRIAko bost piezatako dokumentala,  Argiako BTLN (Betelana) bidepodcasta, Euskalerria irratiaren asteroko saioa... Eta, nola ez, Elkarteak sortzen dituenak: saioetako kronikak bertsoa.eus-en, bertsoaldiak, Erika Lagoma eta Maddi Aiestaranen iritziak, asteazkenero argitaratzen duen analisia... eta orain, zuzeneko emisioa. 

Hedapeneko lan taldea saio batean lanean. EKAITZ FILARMENDI | XDZ