Eskolartekoa 2019

Otsailean hasiko du bidea lurraldeetan eta ekainaren 8an, Saran, elkartuko dira parte hartzaileak aurtengo Eskolartekoa jai giroan agurtzeko.

Hiru hamarkadatako bidea egin du egitasmoak lurralde guztietan modu bateratuan egiten denetik, eta 31. aldia izango du aurtengoa. Idatzizko zein bat-bateko txapelketak egin ohi dira Euskal Herriko ikastetxeetan; Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak gauzatzen dute elkarlanean bat-bateko egitasmoa. 15-18 urteko gazteek hartu ohi dute parte horretan.

2018-06-09 Sara

Otsailean abiatuko du bidea lurraldeetan eta ekainean amaituko da lurralde guztietako parte hartzaileak elkartuko dituen jaiarekin.

EUSKAL HERRIKO ESKOLARTEKO JAIA

Ekainaren 8an izango da Saran. Ohi bezala, lurraldeetako eskolartekoetan aritutako parte hartzaileak eta bertsozaleak elkartuko ditu: lehenik, bat-bateko txapelketa egingo da, eta, ondotik, izango da jaia luzatzeko eskaintza.

Eguna hurbildu ahala, emango ditugu xehetasun gehiago.

LURRALDEETAKO ESKOLARTEKOAK

Lurralde bakoitzak bere txapelketa izango du, eta, bat-batekoari dagokionez, zenbait lurraldek saio bat baino gehiago egingo dituzte.

Gipuzkoan otsailaren 15ean hasiko da, Ibarran, eta martxoan beste hiru saio eginda, apirilaren 5ean jokatuko da finala, Lasturren. Idatzizkoan ere saio bat baino gehiago egingo dira, eskualdeka.

Nafarroan apirilaren 5ean egingo da bat-bateko saioa; Arantzan izango da.

Araban bi egun hartzen dira Eskolartekoa ospatzeko: nerabeek maiatzaren 11n egingo dute jaia Legution, Bertsoa Bizi Gazte Egunarekin batera. Gazteagoek maiatzaren 25ean egingo dute hitzordua Zigoitian. Tartean, maiatzean zehar, idatzizkoan, eskualdeetako topaketak egingo dira 14 urtetik beherako parte hartzaileentzat.

Bizkaian maiatzaren 25ean egingo da finala Abadiñon. Aurretik, beste lau saio egingo dira hilabetean zehar.

Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoan, maiatzaren 18ean elkartuko dira bertsozale gazteak, Hazparnen.

Eskolarteko azken eguneko jaiak

  • Gipuzkoa. Eskolarteko bat-bateko txapelketaren finala apirilaren 5ean, Lasturren. | Bertso Eskolen Eguna ekainaren 2an, Lazkaon.
  • Nafarroa. Eskolarteko bat-bateko txapelketaren finala apirilaren 5ean, Arantzan. | Bertso Eskolen Eguna maiatzaren 26an, Larraintzarren.
  • Araba. Eskolarteko bat-bateko txapelketaren finala (gazteena) zein Bertsoa Bizi Gazte Eguna maiatzaren 11n, Legution. | Eskolarteko bat-bateko txapelketa (haurrak) maiatzaren 25ean, Zigoitian.
  • Bizkaia. Eskolarteko bat-bateko txapelketaren finala maiatzaren 25ean Abadiñon.
  • Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoa. Eskolarteko bat-bateko txapelketaren finala maiatzaren 18an, Hazparnen.
  • Eskolarteko bat-bateko txapelketaren Euskal Herriko finala eta festa ekainaren 8an, Saran.