Eskolartekoa 2020

Otsailean hasi zen, baina martxoan pandemiak eragindako etenaren ondotik, udazkenean berrartu dira saioak. Azaroaren 14an zen egitekoa Euskal Herriko Eskolartekoa Abadiñon, baina azkenean bertan behera uztea erabaki dugu Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak. Haren ordez, Eskolatik Plazara ekimenean hartu dute parte finalistek.

Hiru hamarkadatako bidea egin du egitasmoak lurralde guztietan modu bateratuan egiten denetik, eta 32. aldia izan da 2020koa. Idatzizko zein bat-bateko txapelketak egin ohi dira Euskal Herriko ikastetxeetan; aurtengoa ezohikoa izan da, ordea, pandemia tarteko.

Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak gauzatzen dugu elkarlanean bat-bateko egitasmoa; 14-18 urteko gazteek hartu ohi dute parte horretan.

Otsailean hasi zen 2020ko Eskolartekoa, Gipuzkoan egin ziren zenbait kanporaketa saiorekin. Martxoan, ordea, eten egin behar izan zen pandemiaren eraginez, eta, udazkenean berrekin genuen egitasmoa.

2019-06-08 Sara

Lurralde bakoitzak bere txapelketa izan zuen, eta bat-batekoari dagokionez, zenbait lurraldek saio bat baino gehiago egin zituzten: Gipuzkoako, Bizkaiko eta Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako eskolartekoek, kasu. Araban, bi egun gordetzen dituzte adin tarte ezberdinentzat, eta hala izan da 2020koan ere; gazteenek online egin zuten udaberrian.

Eskolatik Plazara

Saran hirurtekoa eginda, Euskal Herriko finala Abadiñon egitekoa zen aurten, azaroaren 14an. Azkenean, ordea, bertan behera uztea erabaki dugu antolatzaileok baldintzak aintzat hartuta. Lurraldeetan, ordea, gauzatu ziren saioak.

Euskal Herriko Eskolartekoan aritu behar zuten bertsolari finalistek Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak bultzatutako Eskolatik Plazara ekimenean hartu dute parte: plazan ohikoak diren bertsolariekin, hiru saio egin dituzte.

Eskolarteko saioak

  • Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoa. Eskolarteko bat-bateko txapelketaren finala uztailaren 11n, Senperen. Txapeldun eta txapeldunorde: Haira Aizpurua Ibargarai eta Irantzu Idoate Funosas.
  • Araba. Eskolarteko bat-bateko txapelketaren finala (14 urtetik beherakoak) ekainaren 6an, online. | Eskolarteko bat-bateko txapelketa (14 urtetik gorakoak) uriaren 10ean, Murgian. Txapeldun eta txapeldunorde: Aitor Ugarte Eriz eta Eukene De Los Aires Amundarain.
  • Gipuzkoa. Eskolarteko bat-bateko txapelketaren finala urriaren 16an, Azkoitian. Txapeldun eta txapeldunorde: Aner Peritz Manterola "Euzkitze" eta Naia Arrizabalaga Arrieta.
  • Bizkaia. Eskolarteko bat-bateko txapelketaren finala urriaren 17an, Arrigorriagan. Txapeldun eta txapeldunorde: Irune Basagoiti Agirre eta Leire Vargas Nieto.
  • Nafarroa. Eskolarteko bat-bateko txapelketaren finala urriaren 30ean, Etxarri-Aranatzen. Txapeldun eta txapeldunorde: Ekhiñe Zapiain Arlegi eta Bittori Elizalde Soto.