Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Maiatzean jokatuko da Udabarria Bertsotan

2023/03/22
Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako sailkapen fasea da Udabarria Bertsotan; zortzi saio jokatuko dira maiatzeko eguenetan.

2023ko udazkenean izango da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, urrian hasi eta abendura bitartean. Aurretik, ostera, txapelketara sailkatzeko fasea jokatuko da maiatzean: Udabarria Bertsotan.

48 bertsolarik eman dute izena fase honetan eta, aipagarria da, Bizkaiko eskualde guztietako partaideak egongo direla. Kopurua kontuan hartuta, zortzi saio egingo dira, sei bertsolarikoak.

Maiatzeko lau eguenetan izango dira saioak, eguen bakoitzean saio bi, bakoitza herri desberdinean.

Bertsolariak multzo bitan banandu dira: A multzoa eta B multzoa. Multzo bakoitzeko lau saio jokatuko dira, eta puntuazioz sailkatuko dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketara. Multzoko 13 bertsolarik egingo dute aurrera gutxienez (Bizkaiko Bertsolari Txapelketako izen ematearen arabera). Udazkeneko fasean sartuko dira zuzenean 2021ean finalaurrekoetan eta finalean kantatu zuten bertsolariak.

Talde Antolatzailea udazkenetik ari da saioen prestaketekin lanean eta, urte hasieratik, gai-jartzaile eta epaileek ere beharrean dihardute.

Saioei, herriei, ordutegiei zein sarrerei buruzko informazioa atari honetan duzue.

Sarrerak apirilean jarriko dira salgai www.bertsosarrerak.eus atarian.

Udabarria Bertsotaneko taldeetako ordezkariak.