Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Akerbeltzen antxumak taldea izan da Bizkaiko Taldekako Txapelketaren irabazlea

2022/05/29
Larrabetzun Bizkaiko Taldekakoaren hiru finalaurrekoak eta finala jokatu dira. Finalistak Koipelustriek, Urruxarrak eta Akerbeltzen antxumak taldea izan dira, eta azken hau izan da hirugarren edizio honetako irabazlea.

Egun osoko jaia izan da gaurkoa Larrabetzun. Eskolartekoarekin hasi da eguna, idatzizkoa lehenengo eta bat-batekoa gero. Egunari jarraipena bazkari herrikoiak eman dio eta ia 100 lagun batu dira bazkaltzeko Larrabetzuko eskolako aterpean.

2022-05-28 bazkaria

23 taldek parte hartu duten aurtengo taldekakoan, eta 8 kanporaketa jokatu ostean, gaur 3 finalaurreko eta finala jokatu dira Larrabetzun.

FINALAURREKOAK

Lehenengo finalaurrekoa, 16:00etan hasi da eskolan bertan Laukijjek, Beethovenen belarriak eta Koipelustriek taldeen artean. Bertsotan Ander Sarriugarte, Ander Elorriaga, Bittor Salterain, Iker Uriarte, Janire Arrizabalaga, Koldo Gezuraga, Gorka Pagonabarraga, Aitor Bizkarra eta Txaber Altube bertsolariak aritu dira, eta epaimahaia Ander Arrien, Eneko Barruetabeña eta Igor Galarzak osatu dute. Gaiak hiru taldeetako gai-jartzaileen artean prestatu dituzte, eta aurkezle beharra Paulo Salterainek egin du.

Giro bikaina sortu da eskolan eta Abadiñoko taldeak, Koipelustreak taldeak, lortu du finalerako txartela.

2022-05-28 1. finalaurrekoa

Bigarren finalaurrekoa 17:30ean hasi da kalean. Kantakunek, Urruxarrak eta Poto Baptist School taldeek jokatu dute. Iurretako Urruxarrak taldeak lortu du saioa irabazi eta finalera sailkatzea.

Saioko bertsolariak Ibai Amillategi, Asier Galarza, Aitor Etxebarriazagarra, Peru Madalena, Gorka Lazkano, Ixone Asategi, Eneko Abasolo, Xabat Galletebeitia, Garazi Navarro eta Aitor Arrizubieta izan dira, epaileak Hodei Zenikaonandia, Enare Muniategi eta Aitor Ruiz eta gai-jartzaileak Zihara Jainaga, Txomin Madalena eta Aissa Intxausti izan dira. Giro beroa sortu da, eta publikoaren epaia erabakiorra izan da talde irabazlea izendatzeko.

2022-05-28 2. finalaurrekoa

Hirugarren, eta azken, finalaurrekoa ere kalean egin da 19:00etan hasita, Zornotzako Bertso Oskola, Akerbeltzen antxumak, eta Far Westeeko bertsolariak taldeen artean. Azken finalaurreko honetako bertsolariak Beñat Alonso, Ander Aldazabal, Alain Barañano, Sara Asenjo, Nahia Ibarzabal, Josune Aramendi, Jon Barrocal, Asier Alcedo, eta Ander Ucelay izan dira, epaileak Xabier Irakulis, Jone Antsotegi eta Jon Martinez eta gaiak hiru taldeen artean osatu badituzte ere, gai-jartzaile beharrak Beñat Romerok egin ditu.

Finalera pasea lortu duen azken taldea Akerbeltzen antxumak izan da.

2022-05-28 3. finalaurrekoa

Finalaren aurretik, indarrak batzeko aukera izan dute bertan batutakoek, Larrabetzuko Etxeraten eskutik bokadillo batzuk jateko aukera egon baita plazan bertan, musikaz girotuta.

 

FINALA

Hori Bai gaztetxean izan da finala Koipelustriek, Urruxarrak eta Akerbeltzen antxumak taldeen artean. Ia ordu biko saio umoretsuaren ostean, Akerbeltzen antxumak taldea izan da Taldekakoaren hirugarren edizio honetako irabazlea.

Bertsotan aritu dira Bittur Altube, Gorka Pagonabarraga, Aitor Bizkarra, Peru Madalena, Eneko Abasolo, Ixone Asategi, Gorka Lazkano, Nerea Ibarzabal, Nahia Ibarzabal, Aissa Intxausti eta Josune Aramendi. Epaileak Hodei Zenikazelaia, Eneko Barruetabeña eta Sara Asenjo izan dira. Gai-jartzaile beharretan Idoia Anzorandia eta Beñat Vidal aritu dira.

2022-05-28 finala

 

Bizkaiko Taldekakoan, 23 taldek parte hartu dute, eta modu autogestionatuan antolatu dituzte saioak taldeek txapelketa osoan zehar. Zorionik beroenak parte hartzaile denei. Finalisten agurren aurretik, talde bakoitzeko ordezkari bat igo da oholtzara oroigarria jasotzera.

2022-05-28 finala taldea 

Eskerrik asko hau posible egin duzuen babesle eta laguntzaile eta antolatzaile denei.