Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Bizkaia

Txapelketaren mezua

Basora goazenean aurrez aurre begiratzen deutsagu inguruari, eta ezin izaten dogu begien aurrean daukagun dana ikusi. Alboetara begiratzeagaz batera bizirik eta mugimenduan dabilen mundua sentitzen dogu. Buruagaz gora egin eta ia-ia zeruaren parean basoak gorantz jarraitzen dau, hazten. Zeruak ez deutsa mugarik ipinten formari eta adar bakoitzak bere bidea egiten dau, orain bihur, orain zuzen.

Lurpean sustraiak alkar kateatuz, alkar sostengatuz. Basoa zutik mantentzen dauen lurrak egonkor eusten deutso datorrenari. Askotarikoa da basoa. Aberatsa da kolorez, formaz, izaeraz, biziz, soinuz... Eta basora ez goazenean ere basoa hor bizi da. Bere ziklo, mugimendu, eraldaketa.... Izan be, basoa, landatu barik, berez hazten da, eta landatu ezkero, hazi egiten da. Eta hori da hain zuzen be Bizkaiko bertsolaritza: hazten iztea, landatzea eta hazten laguntzea.

Bizkaiko bertsolaritzaren ekosistema askotarikoa da, berezia da, beharrezkoa da: Hankapetik ohartu barik pasetan diren boluntarioak, landarerik txikienari eguzkiak emon deion arduratzen diren bertsolaritza irakasleak, adar bihurrenen gainean, jausteko bildurrik barik kantetan daben bertsolariak, sugandilaz, katagorriaz, tximeletaz... osatutako bertso eskolak, basoaren bizi irauteaz eta osasunaz arduratzen dan Bertsozale elkartea, eremuak hazten jarrai daian lurra egonkortzen daben bertsozaleak...

Gogorra eta indartsua da txapelketak dakarren haize ufada. Basoa agertoki bihurtzen dau foko baten indarrez sartzen dan eguzki izpiak, eta danok jartzen gaitu adi, etorriko danaren zain, badakigu-eta handia izango dala zurrunbiloa. Gozatzea baino ez da geratzen, ekosistemak badaki erregulatzen. Hartu daigun bakoitzak gure lekua eta hasi daitela txapelketa.




   

                                                                                         Maite Berriozabal Berrizbeitia