Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Zortzi finalistak prest

2021/12/14
Bilbon jokatuko da zapatuan, abenduaren 18an, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala. Bilbao Arenan izango da saioa, 17:00etatik aurrera.

Finalaren atarian elkartu ditugu zortzi finalistak Bilbao Arenan: Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Etxahun Lekue Etxebarria, Gorka Pagonabarraga Agorria, Jone Uria Albizuri, Nerea Ibarzabal Salegi, Onintza Enbeita Maguregi eta Xabat Galletebeitia Abaroa. Gogotsu ta prest daudela kontatu digute eta saio ederra izango dela aurreikusten dutela. Eurekin batera egon dira Joseba Etxebarria eta Moises Enbeita txapel jartzaileak ere, eta Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Elkarteko presidenteak gidatu du prentsaurrekoa.

Hasteko, eskerrak emateko tartea ere hartu du Belate Olabarriak. Txapelketa behar handiaren emaitza dela azaldu du eta, horren atzean, jende asko dagoela. Horregatik, eskerrak eman gura izan dizkie txapelketan beharrean ibili diren guztiei, banan-banan: bertsolariei, Talde Antolatzaileko kideei, Komunikazio Taldeko kideei, gai-jartzaile taldeari, epaile taldeari, bertso eskolei, eta borondatezko beharrean astez aste ibili diren guztiei. Baita ere, zelan ez, astero areto eta frontoiak bete dituzten bertsozale guztiei ere, eurak barik ezingo litzatekelako Txapelketarik egin.

Joseba Etxebarriak eta Moises Enbeitak txapela jartzea "ohorea" dela azpimarratu dute, eta talde baten ordezkari izatearekin "harro" daudela.

Finalistek egin dute berba gero. Lehenengoz kantatuko dutenek zein beteranoek, denek azaldu dute zapaturako gogotsu daudela eta final ederraren atarian gaudela gaineratu dute.

Protagonista horiez gain, Idoia Anzorandia Kareaga eta Itxaro Juaristi Olaetxea ariko dira gai-jartzaile beharretan zapatuan. Epaileak, ostera, hurrengoak izango dira: Ander Txakartegi Basterretxea, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Joseba Santxo Uriarte, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Mirari Azula Aurrekoetxea eta Miriam Juaristi Urizar. Idazkari beharretan Itziar Basterretxea Olarreaga arituko da.

Sarreren salmenta

Finaleko sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian egongo dira eskuragai zapatu goizera arte. Egunean bertan, txarteldegia zabalduko da, 12:30ean.

Finalerako oharrak

Prentsaurrekoan bertan, hainbat ohar eman dira:

  • Bilbao Arenara nola heldu:

Bilbao Arenara heltzeko, Bilbora garraio publikoak eskaintzen dituen ohiko bideak erabili behar dira. Bilboko Metroan joanez gero, Alde Zaharreko geltokian jaitsi behar da, eta Unamunoko atetik irten. Handik Miribillara oinez hamar minutu-ordu laurden daude.

Bestalde, zeinbait udal zein bertso eskolek autobusak antolatu dituzte herrietatik finalera joateko. Horiek erabiltzea ere aholkatzen du antolakuntzak.

  • Ateen irekiera:

Bilbao Arenako ateak 15:30ean zabalduko dira. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak sasoiz joateko gomendioa egin gura die bertsozaleei, jende asko batuko garelako eta azken orduan trabarik ez egoteko.

  • Gurpildun aulkiak:

Gurpildun aulkian datozen bertsozaleek, aurretiaz antolakuntzari jakinaraziz gero, nondik sartzea komeni den adierazten duten oharrak jasoko dituzte. Horretarako bizkaikotxapelketa@bertsozale.eus helbidera idatz daiteke.

  • Bestelako oharrak:

- Sarrera bakoitzak bere kodea du eta, beraz, sarrera berarekin ezingo da pertsona bat baino gehiago sartu.
- Areto barruan ezin da ez jan ez edan, beraz, ezin da areto barrura ezer sartu.
- Emergentzia kasuren bat balego, antolatzaileek emandako oharrei kasu egin.
- Musukoa derrigorrezkoa da, saio osoan zehar egoki jantzita izan behar da (sudurra eta ahoa estalita).
- Bilbao Arena aretoan ezin da erre
- Bertsolariek mugimendu guztiak sumatzen dituzte oholtzatik; horregatik, mugitu behar izanez gero, itxaron bertsoaldia amaitu arte.
- Osasun neurriak zaintzeko, Bilbao Arenako ateak zabalduko dira tartean-tartean, aretoa aireztatu dadin. Beraz, pasiloetan ere isiltasuna mantendu beharko da.