Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

'Txapelketagaz barriro gatoz eskutik helduta'

2021/09/24
Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren barne aurkezpena egin dugu Durangoko Kurutzesantu museoan: gai-jartzaileak, epaileak, bertsolariak eta antolatzaileak elkartu gara udazkenari ondoetorria emateko.

Giroan bertan igartzen dira sentimenduak. Tentsioa, poza, urduritasuna. Baina bereziki, Txapelketak sortzen duen emozioa sumatzen da. Badator BBT2021. Dena dago martxan.

Txapelketako ekosistema osatzen dugun parte hartzaileok elkartu gara Durangoko Kurutzebarri museoan, barne aurkezpenean. Epaileak, gai-jartzaileak, Talde Antolatzaileko kideak, Komunikazio Taldekoak eta bertsolariak gune berean. Izan ere, Txapelketan bakoitzak bere eginkizuna izaten du, baina taldetik eta taldeari begira egiten da behar.

Idoia Anzorandia gai-jartzaileak gidatu du ekitalditxoa. Aurrean, Mikele Sotil artista txapelketako irudia zuzenean margotzen egon da ekitaldiak iraun duen artean. Pandemiak bertso mundua eta beste arte distiplinak ere gogor kolpatu dituela gogora ekarri gura izan da keinu horrekin. Era berean, Txapelketaren irudia bera argira ekarri: lehengo oihal berean baina plazak kolorez jazten hasi gara berriro.

Belate Olabarria presidentearen berben ostean, Mikel Inuntziagaren musikaz gozatu dugu.

Igor Menika gai-jartzaile taldeko kideak eman dizkigu Txapelketako xehetasunak: saioak, taldeak eta abarrak. Eta ostean, aurtengo Bizkaiko Eskolarteko Txapelketan buruz burukoan kantatu duten Janire Arrizabalaga eta June Diaz entzun ditugu bertsotan.

Txapelketaren mezua urtero egiten du norbanakoren batek, baina aurten, urte gogorraren ostean, Talde Antolatzailea izan da mezua idatzi duena. Inoiz baino gehiago behar izan baita taldelana guztia aurrera eroateko. Ordezkari modura, Joseba Etxebarriak irakurri zuen mezua, eta denok batera kantuz amaitu genuen ekitaldia:

Krisalida urratuta
krisalida urratuta
tximeletak gidatuta
txapelketagaz barriro
gatoz eskutik helduta
tximeletak gidatuta
krisalida urratuta!

Talde argazkiarekin amaitu genuen ekitalditxoa. Orain, astero elkartuko gara plazetan. Laster arte!

                Twitter Facebook Instagram